Arau hauste arinetan zuzenean isunak jartzeko aukera dute udaltzainek

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko otsailaren 16a

Udaltzainen auto hibrido berria (Zarauzko Udala).

Prozesua gehiegi ez «korapilatzeko», Zarauzko Udalbatzak arau hauste arinak zigortzeko prozedura laburtuak martxan jartzea erabaki du. Hau da, udaltzainek zuzenean jarri ahalko dituzte isunak epe laburrera. «Gaur egun txosten bat irekitzen da, Herrilan sailetik pasatzen da txosten hori, abokatuekin harremanetan jarri, paperak prestatzen dira isuna jartzeko... Prozesura konplexu eta luzeegia da 60 edo 100 euroko isun bat jartzeko, esaterako», nabarmendu du Maite Garrastazu Udaltzaingoaren arduradunak. Udalari «lan karga handia» eskatzen dio horrek eta askotan prozesuan «galdu» egiten dira.

Isun horiek  gehienez ere  300 eurokoak izango dira. Arau hauste txikiei dagozkienak, alegia, errepide nagusietan patineteekin eta maleikoitik bizikletarekin ibiltzea; leihotik ura botatzea eta  fatxadetatik arropa zintzilikatzea, esaterako.

Hala ere, gehienbat tabernetako terrazei begira hartu dute erabakia Garrastazuren arabera. «Arazo handiak ditugu horrekin. Askotan terrazak bere lekutik kanpo jartzen dituzte; azken urtetan okertu egin da  Horrekin bukatu beharra dago, herritarrei zuzenean eragiten dielako», adierazi du.

Arau hauste horiek udal ordenantzetan jasotakoak izan daitezke eta baita beste administrazioetan jasotakoak ere, baldin udalak badu azken horiek zigortzeko eskumena. Dena den, zigorra jasotzen duena ez badago ados horrekin, prozedura arrunta ezarriko zaio.

Hurrengo hiletik abian

Horretarako ordenantza berri bat onartu dute, aho batez. «Uste dugu beharrezkoa dela administrazio publikoak herritarren eskubideak ziurtatzea eta argi eta laburrak izatea», adierazi zuen Irabazi Zarautzeko Ana de Benitok, pasa den udalbatzarrean. Haren arabera, neurri horrek udaleko karga administratiboa arintzeko lagun dezake, «kontuan hartuz, interesdunak proposatutako zigorrarekin ados egon ez eta prozedura arruntarekin jarrai dezakeela».

De Benitorekin bat etorri ziren PSE-EE eta EH Bildu udal taldeetako bozeramaileak ere. Gloria Vazquezek (PSE-EE) «oso positibotzat» jo zuen erabakia, helburua prozedura erraztea delako. Zentzu horretan, uste dugu «lagungarria» eta «baliagarria» izango dela.

«Arintze bat da eta lan administratibo aldetik erraztasunak ematen ditu», nabarmendu zuen Mikel Goenagak (EH Bildu). «Badakigu arazoak izaten direla hainbat zigor espedienteen tramitean eta prozedura arin batek lagundu egingo luke hori guztia ongi garatzeko».

Lehenbiziko onespena eman ondoren, jendaurrean jarri dute eta alegazio epea ireki. Garrastazuk jakinarazi du oraingoz ez dutela halakorik jaso. Alegaziorik jaso ezean, onartuta geratuko da zigortzeko ahalmena erabiltzeko prozedura laburtua arautzen duen ordenantza berria.  Udaltzaingoaren arduradunak aurreikusi du datorren hiletik martxan izango direla prozedura laburtuak arau hauste arinetarako.

Auto hibrido berria, Zarauzko udaltzainentzat

Zarauzko Udalak bigarren eskuko auto hibrido bat erosi du, Udaltzaingoaren ohiko ibilgailu bat ordezkatzeko helburuarekin. Ibilgailu berri horrek ohiko autoek baino motor txikiagoa du eta energia berreskuratzeko sistemak baliatzen ditu, besteak beste, balaztekin energia sortzen du. Bateriakin funtzionatzen du eta hori bukatzen ari denean hasten da gasolina kontsumitzen.

Hainbat abantaila du auto hibridoak: jasangarriagoa da, zarata gutxiago ateratzen du eta kostu murritzagoa du. Udalak energia berriztagarrien aldeko apustua egin du erosketa horrekin. 15.300 euro (BEZ barne) kostatu da ibilgailu hibridoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide