Hogei lagun inguru ari dira parte hartzen Mugibil egitasmoan (Zarauzko Udala).
Zira urdinak soinean, pasieran ibiltzen da erretiratu eta hirugarren adineko pertsonez osaturiko talde bat herri osotik. Mugibil kirol zerbitzuko kideak dira, eta astean bitan elkartzen dira Gaztelekuan, Zinema pilotalekuan, lagunartean ariketa fisikoa egiteko. «Zarautz toki pribilegiatua da horrelako jarduera bat aurrera eramateko. Paseatzeko leku aproposak ditu, eta iruditzen zaigu arlo hau lantzeko herri egokia dela», dio Mugibil proiektuaren sortzaile eta parte-hartzaile Simon Uberak.
2012ko azaroan abiatu zuten egitasmoa, hainbaten laguntzarekin: Zarauzko Osasun Zentroa, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzua, Matia-Ingema entitatea eta Udaberri erretiratuen elkartea. Esperientzia eskolatik sortutako ideia izan zela gogora ekarri du Uberak; gaur egun Kostan elkartea den horretatik. Bi helburu nagusi betetzeko heldu zioten proiektuari: alde batetik, aisialdiko jarduerak eta ariketa fisikoa egiteko, eta bestetik, talde giroan, lagunartea sortzeko eta sozializazioa sustatzeko.
Udalak BPXport Kirol Zerbitzuak enpresari eman berri dio Mugibil zerbitzua aurrera eramateko ardura, eta aurreko astetik Iratxe Astigarraga begiralearen gidaritzapean egiten ari dira saioak. BPXport enpresak berrikuntza batzuk txertatuko dizkio egitasmoari: lehenik eta behin, aurre ebaluazio bat egingo diete parte-hartzaileei, ariketa ezberdinak eginez, bakoitzaren egoera zein den jakiteko, eta, ondoren, egoera hori hobetzeko programazio bat zehaztuko diete. Amaieran, azken ebaluazio bat egingo dute lortu diren hobekuntzak aztertzeko. «Azken finean, hirugarren adinekoen bizi kalitatea hobetzea da gure helburua, euren egunerokoa erraztasun gehiago izan dezaten», azaldu du Astigarragak.
Astean bi saio egiten jarraituko dute, asteartetan eta ostegunetan, 10:00etatik 11:30ak aldera. Ibilaldietan, gainera, indarra, oreka eta erresistentzia ere landuko dituzte.
20 lagun inguru
Egitasmoarekin pozik daudela nabarmendu du Simon Uberak, nahiz eta garai batean jende gehiago animatzen zen. Une honetan, 20 lagun inguru elkartzen dira, 70 eta 80 urtekoak, eta gehiengoa emakumezkoa da. «Gizonezko gutxi gara, eta etortzera animatu nahiko genituzke, nahiz eta kostatu egiten zaien».
Luzaketak egiten dituzte Gaztelekuan, pasieran atera aurretik, eta gero 50 minutuz aritzen dira ibilian. Ibilbidez aldatzen joaten dira, ez baitute beti itzuli bera ematen: batzuetan hondartza aldera, besteetan hegoaldera ere bai. Oro har, herriko bazter guztietatik igarotzen direla dio Uberak: «Gisa horretan, herria bera ere ezagutu egiten da».
Lagun giroan egiten dituzte saioak, eta ongi moldatzen dira elkarrekin. «Orain Iratxerekin hasi gara, eta oso gustura gaude berarekin», adierazi du Mari Carmen Iruretak. Mugibileko kideetako bat da, eta egitasmoa ezin hobe datorkiola onartzen du. «Askoz ere bizkortasun gehiago dut Mugibilen nabilenetik. Besoak eta hankak, mugimenduak arinago egiten ditut orain».
Urdinez jantzita joaten dira batetik bestera, eta horrek arreta sortzen du. Jendea ere galdezka etortzen zaiela dio Uberak: «Guk beti gonbidatzen ditugu probatzera. Ez dago inolako konpromisorik. Gustatuz gero, aurrera, eta ez bada hala, bada laga. Denentzako dago irekia».