Gazte kualifikatuak lan merkaturatzeko ekimena hartu du udal elkarteak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko otsailaren 5a

Urola Kostako udal elkarteko lehendakari Iturain eta Garapen Elkarteko kide Nebreda, bailarako udaletako ordezkariekin. (Urola Kostako Udal Elkartea)

Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan proiektua jarri du martxan, goi mailako ikasketak dituzten gazte langabeak lan munduratzen, eta eskualdeko enpresei proiektu berriak martxan jartzen laguntzeko. Egitasmoaren bidez gazteak eta enpresak harremanetan jarriko dituzte, bien arteko sinergiak aprobetxatuz.

Asteartean aurkeztu zuten ekimena udal elkarteko presidente Igor Iturainek, Garapen Elkarteko presidente Fernando Nebredak, eta udal elkarteko lan teknikari Olaia Sainzek. Gainera, proiektua babesten izan ziren Aiako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako alkateak, eta Getariako zinegotzia, besteak beste.

Lan merkatuko teknikariak azaldu zuenez, gazte kualifikatu askok prestakuntza tekniko eta akademiko oso altua izan arren, zailtasunak dituzte lan munduan sartzeko eta lanpostu egonkorrak lortzeko, «lan-merkatuan sartu eta irten dabiltza». Egun, 2.301 pertsona daude mankomunitateko udalerrietan (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) langabezian, eta horietatik % 14a, 20-35 urte bitarteko goi mailako ikasketak dituzten gazteak dira, %60 inguru emakumeak. «Enpresek goi mailako ikasketez gain, beste hainbat gaitasun ere eskatzen dituzte: komunikatzeko eta proiektuak kudeatzeko gaitasuna, norbere buruan segurtasuna izatea, eta ideiak garatzeko iniziatiba izatea, besteak beste». Hain zuzen, zeharkako konpetentzia horiek landuko dituzte Hazilan proiektuko lehen zatian, Aktibatu izenekoan.

Gero, gazteek eskualdeko enpresetan proiektuak landuko dituzte. Batzuk zuzenean praktikak eginez, eta besteek enpresen beharrak kontuan hartuta, lanpostu zehatz baterako prestakuntza jasoko dute. Horrez gain, proiektu kudeaketan ere prestakuntza eskainiko du Hazilanek. Lehen ikastaroa hilaren 22an hasiko dute eta ekainaren 23an bukatuko. Hurrengo edizioa irailean jarriko dute martxan.

Enpresentzat baliagarria

Urola Kostako Udal Elkarteko teknikari Olaia Sainzek zehaztu duenez, gazteen formazioaren «osagarri oso garrantzitsua» izan daiteke egitasmoa, «beste era batera jaso ezin dituzten gaitasunak landuko baitituzte. Guk nahi dugu pertsonek protagonismoa hartzea, eta bere indarguneekin konektatzea. Horrela, elkarrizketa batera joaten direnean ausardia osoz euren buruan eta gaitasunak aurkezten jakingo dute. Gainera, lanean ari direnean zein jarrera izan behar duten, eta zein konpetentzia indartu behar dituzten ezagutzea nahi dugu».

Bestalde, proiektua enpresentzat ere aukera bikaina dela uste du Igor Iturain udal elkarteko lehendakariak. «Eskualdeko enpresa gehienak enpresa txikiak dira, eta egunerokoan proiektu berriak garatzeko denborarik eta baliabiderik ez dute izaten. Horregatik, udal elkarteko lan teknikariekin eta gazte kualifikatuekin elkarlana eginda, enpresentzat aukera berriak ireki daitezke».

Hazilan proiektuak hiru adar ditu. Goi mailako ikasketak dituzten gazteak, enpresak eta erakundeak. «Denen parte hartzea beharrezkoa da, Hazilanek emaitza izateko». Horregatik, enpresak proiektuan parte hartzeko deitu dituzte.

Udal Elkarteak informazio-saio bat egingo du interesa duten gazteentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko. Saio hori hilaren 12an izango da, gaur zortzi, 10:00etan, Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz). Izena emateko epea hilaren 15a artekoa da, eta izena emandakoen artean hautaketa prozesu egingo dute arduradunek. Bost urtetan 175 gaztek programan parte hartzea aurreikusi dute, eta eskaera handiagoa bada «ahal den heinean» horri erantzuna ematen saiatuko dira. Iturainen arabera, «argi dugu erakunde bezala gizartearen erronkei aurre egin behar diegula, eta egitasmoak gazteen beharrak asetzeko balio badu eta haiengan ilusioa pizten badu albiste ona izango da guretzat, jarraitu beharreko bidea markatuko baitigu».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide