Larunbatean ospatuko dute Sagardo Eguna Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko urtarrilaren 20a

Ezkerretik hasita, Zurekineko Igor Azpitarte, Izetako Gotzon Iruretagoiena, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia eta Urdairako Patxi Azkonogieta. Amaia Ventas

Urtero bezala, txotx denboraldiaren hasierarekin batera Sagardo Eguna antolatu du Zurekin Zarauzko ostalarien elkarteak. Seigarren urtea da aurtengoa eta larunbat honetan izango da Musika Plazan, 12:00etatik aurrera. Aurten ez dute inor omenduko, baina sagardoaren festa ospatu ospatuko dute. «Aurten sagardoa izango da eguneko protagonista», adierazi du Zurekineko ordezkaria den Igor Azpitartek.

Guztira, zortzi sagardotegitako sagardo berria dastatzeko aukera izango dute herritarrek igandean: Aburuzakoa (Aduna), Aginagakoa (Usurbil), Izetakoa (Aia), Lizeagakoa (Astigarraga), Petritegikoa (Astigarraga), Saizarrekoa (Usurbil), Satxotakoa (Aia) eta Urdairakoa (Usurbil), hain zuzen. Sagardotegi bakoitzak bospasei kaxa ekarriko ditu Musika Plazara; 70-72 bat botila inguru. Bost euro ordainduta, nahi adina sagardo edateko edalontzia eta unean bertan egindako Euskal Okela etxeko txuleta pintxoa eskuratu ahalko da, Eusko Labelduna. Txuleta pintxo gehiago nahi izanez gero, hiru euro ordaindu beharko dira bakoitzeko.

Festa girotzeaz Goizeko Ihintza txistulariak zein Motxian bertso eskolako kideak arduratuko dira.

Gotzon Iruretagoiena Izeta sagardotegiko ordezkariak azaldu duenez, aurtengo sagardoa gorputz handikoa eta usain garbikoa da. Batez ere bertako sagarrekin egin dutela nabarmendu du Izetakoak, kostan «asko» izan delako batik bat. «Ona atera da aurtengoa», nabarmendu du.

Aiako sagardotegiak 100.000 litro inguru ekoitzi ditu, eta 200.000 litro inguru Usurbilgo Urdairak, Patxi Azkonogietak jakinarazi duenez. Pozik agertu dira biak ala biak beste behin larunbateko Sagardo Egunean parte hartuko dutelako; izan ere, eurentzat «aukera ederra» da jendeak euren sagardoa ezagutzeko txotx irekierarekin bat eginez.

Zurekin elkarteko Igor Azpitartek eta Ixidor Larrañaga Zarauzko Turismo zinegotziak herritarrak sagardo denboraldi hasierako festa horretan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide