Egin dut azkena. Egin diot osabari azken bixita.
Emozioz betetako bi egun izan ziren, sentipen ezberdin asko bizi izan nituen, eta zuekin konpartiu nahiko nituzke; denok jakin dezazuen zer den dispertsioa eta zer den horren ondorioz bizi duguna.
Urte berria hasi, eta jendea resakarekin edota familia osoarekin bazkaltzen zegoen bitartean, ni orduantxe ezagutu nituen gazte batzuekin elkartu nintzen Gasteizen, bidea elkarrekin egiteko. Bidean elkarrizketa interesgarriak izan ondoren gauean iritsi ginen Manzanaresera, Zarauztik 650 kilometrora dagoen herrira.
Han, aspaldi Herrerako gartzelan egondako kide batekin topatu ginen, Juanirekin eta bere bikotearekin. Gainera, bertan bizi den (eta beti laguntzeko prest egoten den) lagun batekin elkartu, pote pare bat hartu eta berriketan gustura ibili ginen! Gehiegi luzatu gabe, noski, hurrengo egunean goiz jeiki beharra genuen eta!
Urduritasunak gainean hartuta, 40 minutu xixtrineko azken bisitara sartu naiz. Kontu kontari, herrikideei buruz, familiari buruz, kotileoak, nobedadeak, barreak... denetik egin genuen ziztu bizian pasatutako minutu horietan! "Fin de bisita" entzun ondoren, han etorri zaizkit osabaren kide guztiak ni agurtzera... Malkoari ezin eutsiz, ahal nuen beste indar utzi diet bertan!
Arratsaldeko bis a bisean, 2 orduz hilean behin izaten dugun aurrez aurreko kontaktuzko bisita horretan aldiz, guk genuen sorpresatxoa zain: funtzionario eta guardia zibil pila bat, gu txakurrekin katxeatzeko zain! Inpotentzia eta, batez ere, beldurra sentitu dut eta amorruzko malko batek ere ihes egin dit, osabari kontatu eta besarkada bat ematen zidan bitartean.
Baina lasai, indartsu nago! Bis zoragarri eta maitagarri baten ondoren, etxerantz goaz. 25 urte luze hauetan bizitakoa oroituz, eta batez ere barruan geratuko diren horiek denak gogoratuz!Hemendik aurrera ere ez pentsa etxean geratuko garenik.
Muxu goxo eta besarkada estu bat gu bezala ibiltzen zareten guztioi , baita hain ondo ulertzen gaituzuen guztioi ere!
25urte luzeren ondoren, Santa Ageda bezperan emango diot hainbestetan amestutako besarkada osabari. Azkenean, amets bat egi bihurtuko dut. Ea amets guztiak bihurtzen zaizkidan egi. Ahalik eta azkarren!
Eider, Zarauzko Etxeraten izenean.