Gaitza sendagai

Urola Kostako Hitza 2016ko urtarrilaren 28a

Nerabezaroan, Pagoeta mendizale elkarteak antolatutako mendi ibilaldietara joan ohi ginen, horri esker gure inguruko mendi gehienak ezagutzeko aukera izan dut.

Gerora, bizikletari ere ekin nion eta, mendiak ezagutzeaz gain, inguruko bidexka, auzo eta herriak ere ezagutu ahal izan ditut. Zein ederra den Euskal Herria!

Hogei eta hamapiko urte nituela, ordea, artritisak eraso ninduen eta ibili ezinik geratu nintzen. Hau desgrazia! Eskerrak zientziak aurrera egiten duen eta artritisa geratzeko botika eta droga biologikoak sortu dituzten. Horiei esker, sendatu ez arren, poliki-poliki, urtez urte, berriz ere Zarautz inguruko bidexketan paseoak emateko aukera berreskuratu dut. Bi edo hiru orduko paseoak eman ditzaket eta gure inguru ederraz disfrutatu dezaket berriz ere. Santa Barbaratik hondartzaren ikuspegia, Elkanotik Aiako Harriak, Bizkaiko kosta eta Landetako itsasertza denak batera ikusi ahal izatea, Talaimenditik Hernio, Getariako arratoia eta Izarraitz, Irustagainetik Ola-errekako bailara, Aia inguruko basoak eta Zarautz... Benetan leku ederrak dauzkagu inguruan.

Ez dakit, ordea, ikuspegi zoragarri horiek eskaintzen dituzten gune paregabe horietara joateari laga beharko ote diodan, ez nik bakarrik, baita zeuk ere! Izan ere gaitz malapartatu berri bat sortu da: bideak itxi egiten ditu gaitz horrek, hesiak jartzen dizkie bideei.

Behar bada, bidea itxi duen gaitza sendatzeko, gaitz bera sendagai izan daiteke, hau da, bide hori itxi duenari bere gaitza ematea izan daiteke sendabidea: beren dendarako eta tabernetako ateetan hesia dagoela pentsatu dezakegu, eta Talaimendiko hesia dagoen bitartean Iñurritzako beren negozioetara sartzeari uko egin beharko genioke. Agian horrela bidea irekiko da...

–Joseba Makazaga. Zarautz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide