Preso eta iheslarien eskubideen aldeko egitasmoak egingo dituzte bihar eskualdeko hainbat herritan

Urola Kostako Hitza 2016ko urtarrilaren 28a

Bihar, urtarrileko azken ostirala izanik, preso eta iheslarien eskubideen alde mobilizazioak izango dira herriz herri. Eskualdeko hainbat herritan egingo dituzte elkarretaratzeak eta: Azkoitian 19:00etan giza sarea egingo dute eliz ataritik hasita; Azpeitian 19:00etan elkarretaratzea plazan; Errezilen 22:00etan; Getaian 19:30ean udaletxe aurrean; Orion 20:00etan plazan; Zarautzen 19:45ean plazan; Zestoan 20:00etan plazan, eta Zumaian 20:00etan Erribera kalean.

Azpeitian Sarek antolatuko ditu aurrerantzean

Azpeitiko azken ostiraletako elkarretaratzeak Sarek antolatuko ditu aurrerantzean; izan ere, Hartu trena! dinamika berriaren baitan kokatuko dira egitasmoak. Azpeitiko Sareko kideek azaldu dutenez, "herriko eragile desberdinekin harremanetan jarriko da Sare datozen aste eta hilabeteetan, eta herriko sentsibilitate ezberdinetako pertsona eta eragileek elkarlanean euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak aldarrikatzea izango da helburua". Sareko kideek azaldu dutenez, elkarlana dute "iparrorratz": "Batzen gaituenari helduz indarrak biltzea da xedea. Beraz, herritar zein eragile ororekin adostasunak bilatu eta elkarlanerako aukerak eskaintzea izango da Sareren datozen hilabeteetako lanketa. Giza-eskubideak errespetatzea, gatazkaren ondorioak konpontzeko urratsak emanez euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eta bakea ditugu helmuga".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide