Arriskutsuak omen dira sare sozialak. Kontuz ibili behar omen dugu Facebook, Twitter eta antzekoekin. Kontuz idazten dugunarekin eta kontuz jartzen ditugun argazkiekin. Kontuz, beti kontuz. Zergatik? Interneten dabiltzan kuxkuxeroak asko direlako. Intimitatea lapurtuko digutelako. A ze lerdokeria! Geuk publikatutakoak ezin inork lapurtu. Publikatzea oparitzea da. Ni ez naiz oso Twitter zalea, baina Facebook-ek engantxatuta nauka, eta badakit kuxkuxero horiek gabe ez litzatekeela berdina
izango. Zer da idazlea irakurlerik gabe? Gustuko dut opariak gustura jasotzen dituen jendea. Gustuko zaitut zu, irakurle maitea. Eta ez naiz ezkutatuko. Garenak garela erakustea bezalakorik ez dagoelako. Iritzi eta pentsamendu guztiak dira errespetagarriak, zergatik beldurtzen gaitu gardentasunak? Izan zu. Izan zarena, eta eskaini besteei barruan daramazun ni-ak dioena.
Horixe egin dute Olga Margallo eta Antonio Muñoz de Mesa aktoreek. Bitxia benetan senar-emazte hauena! Eguneroko birtual/ikusentzunezko bat sortu dute Youtuben. Haien bideo bat gosaltzen dut goizero. Sukaldeko mahaian jarrita eta telebistako programa batean baleude bezala, gai baten inguruan hausnartzera gonbidatzen naute batzuetan. Beste batzuetan erosketetara joaten gara, edo paseatzera. Txangoak antolatzen dituzte eta toki guztietara eramaten duten kamera batekin ematen didate hamaika leku ezagutzeko aukera. Olga eta Antonioren seme-alabak ere ezagutu ditut. Eta lagunak. Olgak menopausia duela kontatu digu jarraitzaileoi. Antoniok galtzontzilloak erakutsi dizkigu. Egunerokotasunean suertatzen diren ñimiñokeriekin osatu dute euren kanala. Garrantzi handirik gabeko bat-bateko komentarioekin. Umore dosi on batekin. Beno, kanala ez, kanalak (pluralean), ez baita bakarra. Beren etxeko atea zabaldu digute haien bizitzetan sartu eta mezutxoren bat uzteko nahi izanez gero. Beti erantzuten dute. Feedback hori oso da polita, eta harremana mantentzen baduzu, denbora gutxian Muñoz de Mesa eta Margallo gertuko sentituko dituzu. Aktoreak dira, baina ez dut uste antzezten ari direnik. Edo bai, agian pixka bat bai. Eta konturatzeke beharbada. Nori ez zaio irribarrea algara bihurtzen kamera aurrean?
Facebooken berdin gertatzen da. Ez dugu gezurrik esaten, baina egiak apaintzen ditugu. Egi apainduak edonon egon daitezke hala ere, ez soilik interneten. Gure gizartearen isla da mundu online delakoa. Kalean egindakoak berdin ordaintzen dira gainera. Baina arriskutsuak sare sozialak omen dira. Zergatik? Uste baino gehiago baldintza gaitzaketelako. Curriculum txukun eta interesgarri bat aurkezteak ez omen du ezertarako balio kontratatu behar zaituenak zure izena tekleatzean ordenagailuak txurrutari ematen diozula kontatzen badio. Baina zein da arazoa? Nor ez da mozkortu herriko festetan? Arriskutsuak omen dira sare sozialak.
Francisco Rivera toreatzaileak polemika sortu duen argazki bat publikatu du. Bertan bigantxa baten ondoan agertzen da, toreatzen alaba txikia besoetan duela. Oso kritikatua izan da eta, ezer txarrik egin ez duela adierazi nahian, beste toreatzaile batzuk gauza bera egitera ausartu dira. Modan jarriko da orain zezen-plazan umeekin ateratako argazkiak igotzea Franen fanen artean. Asko aspertzen gara, hori da arazoa. Luzeegiak ditugu mingainak eta hutsegiak buruak. Kritikatu kritikatzeagatik. Kontuz!