Uema indartzea da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen 2016ko helburuetako bat

Urola Kostako Hitza 2016ko urtarrilaren 23a

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egin du gaur Zarautzen eta bertan bildu dira berau osatzen duten 73 herrietako ordezkariak. Hainbat erabaki hartu dituzte eta komunikabideen aurrean eguerdian egin duten prentsaurrekoan eman ditu jakitera Josu Labaka Uemako lehendakariak, Zuzendaritza Batzordeko kideek lagunduta.

Jakinarazi du 2016ko lan ildoak zehaztu dituztela batzarrean, aho batez. Labakak adierazi du agintaldi hau Uema sendotzeko giltzarria izango dela, eta hurrengo lau urteetarako plana osatu dutela. "Lau urteotako plan horren berri eman diogu gaurko Batzar Nagusiari, eta baita 2016 honetarako lehentasunak eta helburuak finkatu ere”.

Helburu nagusietako bat udalerri euskaldunen lurgunea osatzea da, eta horretarako udalerri gehiago gehitzea izango da zutabeetako bat. Zentzu horretan, Labakak aurreratu du 2016 bukaerarako 80 udaletik gorak osatu dezaketela Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. "Zenbait udalek interesa agertu dute Ueman sartzeko eta ekaineko batzarrean beste hainbat sartuko dira mankomunitatean".

Horrekin batera, Uema erakunde gisa sendotzeko asmoa dute. Horretarako, urte osoan zehar hainbat ekimen antolatu ditu Uemak. Horien artean, bat nabarmendu du Uemako lehendakariak: maiatzaren 28an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna. Leitzan ospatuko dute, egitarau betearekin. "Eskualdetik harago, nazio mailako ospakizun bat izatea nahiko genuke. Udalerri euskaldun guztiei irekitako egun bat izatea gustatuko litzaiguke, ez Ueman soilik zentratutakoa. Ueman ez dauden udalerri horiek ere badirelako euskararen arnasguneak eta horiek ere bildu nahi ditugulako egun horretan", zehaztu du.

Uemak agintaldi honetan udalak euskalduntzeko lanean jarraituko duela gaineratu du Labakak eta, batez ere, arreta berezia eskainiko dietela udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzeko beharrezkoak diren lan-ildoei. "Ildo horretan, herritarren sentsibilizazioan eta ahalduntzean eragiteko ekimenak sendotuko ditugu udaletan, eta eragiten ahaleginduko gara hezkuntzan eta komunikazioan, herritarrekin landutako tailer eta kanpaina zehatzekin".

Halaber, udalerri euskaldunak "arnasgune diren heinean behar bezala zaintzeko" beharra ikusi dute, eta udalerri euskaldunak "areago erdalduntzeko arriskuari" aurrea hartzeko  Eragin Lingustikoa Ebaluatzeko tresnari arreta berezia jarriko diote.

“UEMAra udal berriak gehitu edo lehen zeuden batzuk UEMAtik aterako ote ziren zalantzekin hasi genuen agintaldia", adierazi du. "Hein handi batean zalantza horiek gainditzea lortu da; kasu batzuk bide onetik bideratu dira. Beste batzuk, Lesakak esaterako, ateratzeko erabakia hartu zuen eta gaur gauzatu da irteera". Lesakak utzitako "hutsune hori" egun berean beste batek bete du: Eak. Gaur onartu dute udalerri hori Ueman sartzea, aurretik Eako udalbatzan onespena eman ondoren.

25. urteurrena, maiatzean

Urte berezia izango da aurtengoa Uemarentzat; izan ere, 25 urte beteko ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. "Duela 25 urte Aizarnazabalen 17 udalerrik sortu zuten mankomunitate hori, eta  beste hainbat eta hainbat udalerrik jarraitu dute helburu horrekin. Gaur, 25 urte beranduago, esan dezakegu Uema Hego Euskal Herriko udalerriak biltzen dituen mankomunitate bakarra eta handiena dela. Euskararen inguruan lan egiten duen mankomunitate indartsua da, egindako lanak eredu bat jartzen du mahai gainean, batez ere, udalen euskalduntzean egin duen ekarpena".

Nabarmendu du bere garaian apustu hori egin zutenek "ilusio handiz" egin zutela eta 25 urte beranduago berretsi egin nahi dutela Uemak gaurkotasuna izaten jarraitzen duela, funtzio garrantzitsua betetzen duela, euskararen arnasguneak euskaldunek eta bere hizkuntzak duten "altxor bat" direlako.Era berean,  gehitu du Uemak euskararen normalizazioan ekarpen garrantzitsuak egiteko  aukerak dituela. "Hori da, hain justu, egin nahiko genukeena", azaldu du Labakak.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide