Igandean jokatuko dute Isidoro Unzueta eskolarteko krosa

Urola Kostako Hitza 2015eko urriaren 30a

Atletismoko hitzordu klasikoa da Zarauzko Isidoro Unzueta Saria. Aurtengoa eskolarteko kros txapelketaren 46. aldia da, eta Unzueta zenaren oroimenez egiten duten 15. aldia. Eskolarteko kros denboraldiari hasiera ematen dion proba hori, ohi bezala, Zarautz Kirol Elkartearen atletismoko atalak antolatu du, eta igandean jokatuko da Abendañoko zelaigunean, 10:25etik aurrera.

Benjaminek 500 metro korritu beharko dituzte, zirkuituari itzuli txikia emanez; alebinek 1.220 metro, zirkuituari itzuli txiki eta handi bana emanez; infantil neskek 1.440 metro, bi itzuli handirekin; eta infantil mutilek, azkenik, 1.940 metro, bi itzuli handi eta itzuli txiki bat osatuz. Hurrenkera horretan jokatuko dira lasterketak, lehena 10:25ean hasita eta, azkena, 11:40ean. Amaieran sari banaketaren txanda izango da.Ohi bezala, La Salle ikastetxeko aldagelak eta dutxak erabili ahalko dira.

Indartuz doan proba

Urtez urte, indarra hartzen joan den krosa da honakoa. Hasieretan, golf zelaian egiten zen, eta Txumai Fernandez atletismo saileko presidenteak adierazi duenez, jende ugarik hartzen zuen parte. Gerora, Argiñano inguruan hasi ziren antolatzen, baina etxeak eraikitzen hasi zirenez, lekuz aldatu behar izan zuten beste behin. Araba kalean, biribilgune batetik bestera jokatzen zuten ondoren, Abendañoko zelaigunean antolatzen hasi ziren arte.

Orain egonkortu egin da, eta probaren kros izaera hori finkatu da. «Argiñanon egiten zenean baino jende gehiago biltzen du orain probak», nabarmendu du Fernandezek. Ehundik gora haurrek hartu ohi dute parte eskolarteko kros txapelketan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide