Angel Epelde Udaberri elkarteko lehendakaria tabernan (Zarauzko Udala).
Abenduaren 22ra arte egin daitezke Udaberri erretiratuen elkarteko taberna ustiatzeko eskaerak. Zerbitzua udalaren jabetzakoa da, eta taberna, jangela, sukaldea, biltegia zein komunak hartzen ditu bere barruan. Hori kudeatzeko aukeratzen dituztenek produktuen salmentaz arduratuko dira, horien kalitatea bermatu beharko dute eta taberna baten zerbitzua eskaini. Halaber, zerbitzua urteko egun guztietan eman beharko dute, hainbat salbuespenekin: abenduaren 24an eta 31n taberna 13:00etan ixteko aukera izango dute, eta abenduaren 26an eta urtarrilaren 2an 11:00etan ireki ahalko dute. Taberna 10:00etatik 21:00etara zabaldu beharko da, nahiz eta bi aldeak ados jartzeko aukera izan horren inguruan. Atseden egunetan zein oporretan taberna irekita egongo da eta sukaldaritzako gutxieneko zerbitzua eskainiko dute. Hamabost eguneko oporraldia egiteko aukera izango dute.
Bi urteko kontratua
Udalak hartuko ditu bere gain gasa, ura eta argindar kontsumoaren gastua. Kontratua bi urtekoa izango da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Interesa dutenek Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29) aurkeztu beharko dute dokumentazioa. Informazio zabalagoa eskuratzeko Gizarte Zerbitzuetara (943-00 51 11)deitu daiteke eta Pablo Etxeberria teknikariarengatik galdetu.