Salberdingo plana abian jarriko dute lur-jabeen %65aren babesarekin

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko abenduaren 17a

Asteartean egin zuten bilera akordioa sinatzeko (Zarauzko Udala).

Asteartean sinatu zuten hitzarmena Salberdingo lurretako hainbat jabek, Hitzarmen Batzordea sortzeko. Udala lur-jabeen %50a batzeko zain egon da, eta azkenean %65ak egin du bat. Salberdingo hirigintza aprobetxamendurako lurren %12,75 udalarena da, eta horrek ere bat egingo du batzordearekin; urtarrilean onartuko du hori. Hala, jabeen adostasunarekin, eremu horren %78aren ordezkaria izango da batzordea.

Sinatu duten dokumentuan zehaztu dituzte jarduera ekonomikoen eta bertako bizilagunen leku aldatzeak. Udala batzordearekin elkarlanean ariko denez, beharrezkoak diren kudeaketak bermatuko ditu; besteak beste, jarduera ekonomikoetarako partzela industrialak bideratzeko zein bizilagunei etxea eskaintzeko.  Halaber, datorren urtean hirigintza eta birpartzelazio proiektuaren garapenaz arduratuko da Hitzarmen Batzordea, eta gune horretan eraiki ahal izateko tramiteak ere egingo ditu.

Xabier Txurruka Zarauzko alkate eta Hirigintza arduradunak nabarmendu du emandako pausoak agintaldi honetako hirigintza «planik garrantzitsuena» bultzatuko duela. «Alkatetzara iritsi nintzenetik, lanean jardun dugu Salberdingo lehen eraikinak agintaldi honetan eraiki daitezen bultzatzeko», adierazi du. «Lehen hilabete hauek funtsezkoak dira datozen lau urteetan garatuko den proiektu estrategikoa bideratzeko».

Urtarrilean, aurkezpena

Txurrukak aitortu du prozesu urbanistikoek «bere denbora» behar dutela, baina azken lau urteetan plana «geldirik» egon dela. «Salberdinen garapena oso garrantzitsua da, proiektuak duen garrantziagatik eta baita leku estrategikoan dagoelako ere; Zarauzko herrigunean bertan, hain zuzen». Salberdinen 1.070 etxebizitza dira egitekoak, horietatik %53 babestuak. Era berean, 3.680 metro koadro gordeko dituzte alokairu sozialerako. Santa Klara komentuaren ondoan 8.695 metro koadroko parke bat sortzea aurreikusi dute, eta etxe berrien alboan 17.452 metro koadroko beste partzela bat, gune libre gisa.

«Zarautzek martxa hartu behar du, baita etxebizitza arloari dagokionez ere», nabarmendu du alkateak. «Babeseko etxebizitzen kudeaketan beste erritmo bat behar da, eta horretarako lan egingo dugu». Zentzu horretan, urtarrilean etxebizitza babestuak eraikitzeko eta agintaldiko plan estrategikoa garatzeko Udal Gobernuaren proiektua aurkeztuko dute herritarren aurrean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide