[caption id="attachment_278693" align="aligncenter" width="300"] Espainiako Kongresurako EAJko Gipuzkoako hautagai Joseba Agirretxe azalpenak ematen Orioko potuan. (Aiora Larrañaga/Hitza)[/caption]
Espainiako Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako EAJko hautagai Joseba Agirretxea eta Maria Eugenia Iparragirre Orion izan dira, eta arrantza sektorea hizpide izan dute. Hautagaiei babesa eman diete Orioko eta Zarauzko alkate Joxe Angel Zalduak eta Xabier Txurrukak eta Getariako Udalean EAJko bozeramaile Aitor Urrestik. Agerraldian Joseba Agirretxek nabarmendu du euskal arrantzalen defentsan "funtsezkoa" izan dela EAJren lana. "Inork ez ditu defendatu euskal arrantzaleen interesak Madrilen EAJk bezala. Tamalez etorkizunean ere horrela izango da. Izan ere, oso erraza da hauteskunde kanpainan sektorearen alde lana egingo dela esatea, baina eguneroko lanean hasierako intentzio horiek desagertu egiten dira".
[caption id="attachment_278694" align="aligncenter" width="300"] Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaiak eta kostaldeko herrietako EAJko ordezkariak. (Aiora Larrañaga/Hitza)[/caption]
Bestetik, gogorarazi du Bruselan hartzen direla arrantza sektoreari eragiten dieten erabaki garrantzitsuak. Espainiako Gobernuak ordezkatzen ditu Europa mailan estatuko arrantzaleen interesak, baina EAJk uste du Eusko Jaurlaritzak lekua izan behar duela Bruselan euskal arrantzaleen interesak defendatzeko. "Aurrerantzean ere Bruselan euskal arrantzaleek ahotsa izan dezaten lanean jarraituko dugu. Eta eskumen hori ez dugun bitartean, Madrilen euskal arrantza defendatuko dugu eta, eta kuoten banaketa egiten denean ez dugu onartuko euskal arrantza sektorea kaltetua izaterik".
Horretaz gain, Agirretxeak adierazi du euskal kostaldearen defentsa ere EAJren helburu garrantzitsua dela. Egun Espainiako Gobernuak kudeatzen du euskal kostaldea, eta EAJri ezinbesteko iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzak eskumen hori izatea. "Horregatik gure kostaldearen aldarria egin nahi dugu, gure ondarea baita".