EH Bilduk hainbat ekitaldi egingo ditu eskualdean datozen egunetan

Urola Kostako Hitza 2015eko abenduaren 10a

Datorren abenduaren 20ko Espainiako hauteskundeak medio, Urola Kostako EH Bilduk hainbat ekitaldi egingo ditu Urola Kostako herri batzuetan, Aizarnazabalen, Azpeitin, Getarian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian, hain zuzen.  Hilaren 20a hitzordu "garrantzitsua" dela diote,  Euskal Herria independetziara eramateko; eraldaketa soziala gauzatzeko; gatazkaren ondorioak gainditzeko; herritar guztien eskubideak bermatzeko estatu bat izateko; burujabeak izateko; euskal kulturaren eta historiaren aldeko urratsak ematen jarraitzeko; feminismoan oinarritutako gizartea eraikitzeko; euskara elkarbiziteko administrazioak izateko; euskal hezkuntza sistema propioa eskaintzeko haurrei; prekaritatean oinarritutako lan baldintzak alde batera uzteko.

"Gure etorkizunaren, gure herriaren eta gure bizitzen jabe izateko modu bakarra abenduaren 20an hautetsontziak EH Bilduren bozkaz betetzea da", dio. "Gainerakoek egun bizi dugun inposaketa eta menpekotasun egoera mantentzea beste proposamenik ez dute, eta badakigu horrek zer dakarren: murrizketak, prekarietatea, gazteentzako migrazioa eta emakumeontzako zapalkuntza, pobrezia eta bigarren mailako herritar izatea besterik ez". Horretarako, Euskal Herrian erabakiak hartzeko unea iritsi da EH Bildurentzat. "Madrilen errespetaraziko ditugunak, baina hemen hartu beharrekoak; eta bide horri indarrez ekiteko boto independentista bakar bat ezin da etxean geratu. Etxean geratzen den independentziaren aldeko boto bakoitza orain artean bezala jarraitzearen aldeko boto bilakatu delako: langileon, emakumeon eta gazteon eskubideen aurkako erasoetan sakontzen duena; mendekuan oinarritutako kartzela politika mantentzea ahalbidetuko duena eta herri honen ukazioa betikotuko duena". Abenduaren 20an, "erabakira eta garaipenera urratsa emateko jauzi egiteko" eskatu die herritarrei.

Hona hemen ekitaldi zerrenda:

- Azpeitia: Abenduaren 11ean, bihar, Urola erdiko ekitaldi nagusia egingo dute 19:00etan plazan. Marian Beitialarrangoitia eta Maider Carrere izango ditugu hizlari beste hainbat eremutako azpeitiarrekin batera.

- Zestoa: Abenduaren 12ean, larunbatean, 19:00etan Bildu Independentziara ekimena.

- Aizarnazabal: Abenduaren 11ean, bihar, ekitaldia 19:00etan.

- Zumaia: Abenduaren 12an, larunbatean,  13:00etan ekitaldia Amaia plazan (euria egiten badu Alondegian), Maider Carrere eta Gotzon Elizburu hautagaiekin.

- Getaria: Abenduaren 13ean,  igandean, 12:00etan ekitaldia eta hamaiketakoa plazan. Maite Sarasua Kongresurako hautagaiak hartuko du hitza.

- Zarautz: Abenduaren 12an, larunbatean 12:00etan poteo girotua eta esku-orri banaketa Musika Plazatik abiatuta. Abenduaren 17an, datorren ostegunetan, Antoniano aretoan Urola Kostako ekitaldi nagusia egingo dute, Marian Beitialarrangoitia, Maider Carrere, Maite Sarasua eta Arantza Arruti hautagaien parte hartzearekin, 19:00etan.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide