Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarrak jarriko dio txapela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari

Urola Kostako Hitza 2015eko abenduaren 10a

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa jokatuko duten bertsolariak. (Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak)

Abenduaren 19an jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala Donostiako Ilunbe zezen-plazan. Irailean abiatu zuten txapelketa, eta hiru hilabetetan zehar 43 bertsolarik parte hartu dute bertso norgehiagokan; azkenean horietatik zortzi iritsi dira finalera, tartean Jon Maia zumaiarra,  bera izango da eskualdeko ordezkari bakarra, eta txapela lortzeko lehia estua jokatu beharko du Maiak beste zazpi bertsolariren aurka txapela. Ildo horretan, Gipuzkoako Bertsolari Elkarteko lehendakariak jakinarazi du Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarrak jarriko diola txapela irabazleari, horrela "plaza ukatu zaion emakume bertsolarien belaunaldi oso bat ordezkatuko du Etxabek".

1933an jaio zen Inaxi Etxabe Zumaiako Oikia auzoan; etxetik iritsi zitzaion bertsolazaletasuna, eta gaztetik hasi zen bertsoak egiten. 50 hamarkadan sari batzuk ere irabazi zituen oikiarrak, baina  garaiko emakume bertsolariei gertatu zitzaien bezala, ezin izan zuen plazan bertsotan aritu, gizonezkoen eremua baitzen. Bestalde ezaguna egin zen Etxabe Basarrirekin izan zuen hika-mikagatik.  Izan ere, Basarrik Aitonaren malkoek izeneko bertsoetan emakumeen inguruan esaten zuena ez zitzaion gustatu oikiarrari, eta berari erantzunez bertso batzuk egin zituen.

Finala

Abenduaren 19an, 17:00etatik aurrera jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala Ilunbe zezen-plazan. Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre bertsolariak igoko dira oholtza gainera. Saioa bertatik bertara jarraitu nahi dutenek bertsosarrerak.com webgunean erosi ditzazkete sarrerak. Bertsozale Elkarteko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute eta gainontzekoek 20 euro; gaztetxoentzat, berriz, 10 eurotan daude sarrerak salgai.

Hilaren 19an Ilubera iristeko garraio publikoa erabiltzeko gomendatu diete Gipuzkoako Bertsolari Elkarteko kideek herritarrei. Gainera, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei gipuzkoa@bertsozale.eus helbidera idazteko eta beren egoeraren berri emateko eskatu diete; modu horretan pertsona horien beharrak modu egokian kudeatu nahi dituzte antolatzaileek.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide