Itsasoari begira aurrerantzean ere

Urola Kostako Hitza 2015eko abenduaren 9a

Elantxobe eta elantxobetarrak, makuesak erakusten ditu Photomuseum Zarauzko argazki eta zinema museoko erakusketa berriak.  Iñigo Azkona argazkilariaren eta Xabier Enbeita bertsolariaren lana uztartzen duen erakusketa horrek ez du islatzen postaletan agertzen den herri arrantzalea, ordea. Herritarrek eurek egindakoa erakusten dute: herri berezia, txikia baina nortasun handikoa. «Bertan bizitzeko zaila, baina ederra da, era berean».

Arrantzarekin, itsasoarekin eta kostaldeko bizitzarekin lotura zuzena dute irudi horiek. «Ur tanta bat ikusi ez arren, bertan agertzen diren heritarrek kresal-usain nabarmena dute». Kareaz zuritutako biltegian ageri dira makuesak, horma zahar horien artean sortu eta gordeko direlako «betiko euren izaera eta nortasunaren ezaugarrietako asko».

Halako lekuetan ematen zituzten egunak herritar askok, bereziki, neguko hilabete gorrienak. «Itsasora irten ezin, eta eguraldiak aukera noiz emango zain, motorretara eramateko behar zena prestatzen zituzten».

Patxi Egurrola arraunlariaren arabera, garai bateko Elantxobera eramango du erakusketak ikuslea, «inoiz itzuliko ez den garai batera». Gaur egungo Elantxobe «berria» desberdina da. «Arrantzaleak urruneko itsasoetan dabiltza, eta ez dago arrantzontzirik portuan. Azkenak, Anaitasuna eta Ogoño, joan ziren aspaldi».

Horregatik, etorkizuneko makuesek beste herri bat dutela nabarmendu du Egurrola arraunlariak, baina «Elantxobe beti egon izan den moduan, beti egongo dela itsasoari begira aurrerantzean ere».

Abenduaren 27ra arte

Pasa den azaroaren 24an inauguratu zuten Makuesak erakusketa, eta abenduaren 27ra arte izango da ikusteko moduan. Asteartetik igandera bisitatu daiteke, goizez zein arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00-etatik 20:00etara bitartean. Astelehenetan itxita egoten da museoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide