2016ko udal aurrekontuetarako 95 proposamen zehatz finkatu ditu EH Bilduk, egungo egoera sozioekonomikoa hobetzeko, erronka sektorialei erantzuteko eta auzoetako beharrak asetzeko, besteak beste. Bi taldetan banatu dituzte horiek: batetik, auzoei dagozkienak zerrendatu dituzte eta bestetik, arloei dagozkienak. Horietako batzuk, hala ere, arlo eta auzo ezberdinetan izan dezakete eragina. Beraz, zehar lerro moduan jorratu daitezkeela nabarmendu dute.
Auzoei dagokionez, honakoak dira proposamen batzuk: Alde Zaharra oinezkotzearekin jarraitzea; Santa Klarako azpiko pasagunea egiten hastea; Santa Klarako azpiko pasagunea gauzatzeko urratsak egitea; Azken Portu goian irisgarritasuna hobetzeko azterketa egitea; Mendilauta inguruko urbanizaio proiektua zehaztea; Itxasmendiko biribilgunearen proiektua gauzatzea; Aldapetako hiritartze lanekin hastea; eta, Torreoiko obrekin hastea.
Beste hainbat egitasmo ere proposatu dituzte, orokorrak izanik, auzoetan ere eragina izan dezaketenak, hala nola: herriko asfaltatze lanekin jarraitzea, osasun zentro zaharra ekipamendu gisa erabiltzea, beilatoki berria ezartzeko pausuak ematea, oztopo arkitektonikoak gutxitzea eta komun publikoak jartzea, besteak beste.
Arloka ere egitekoak
Bigarren talde nagusian, arloei dagokionean, 63 proposamen egin dituzte, horien artean hauek dira batzuk: giza eskubideen urraketen memoria osoa idaztea; jangela soziala martxan jartzea; Neguetxea urte osora bideratzeko azterketak egitea; sustapen sozioekonomikorako diru laguntzak indartzea; Errotaberriko lanak martxan jartzea; Gaztetxearen aferari irtenbidea emateko baldintzak zehaztea; hondakinen bilketa eredu berria zehaztea; Salberdingo plana garatzea eta zarauztarren arreta zerbitzua martxan jartzea.
Osoko zuzenketa
Zarauzko EH Bilduk barne prozesu bat eraman du aurrera udal aurrekontuetarako proposamena zehazteko. Ehuntzen planean jasota baina egiteke dauden proiektuak eta herri programan jasotako proposamenak izan ditu kontuan, eta horiek herritarrengandik jasotako ekarpenekin osatu egin dituzte. Horretarako bi lan saio egin zituzten zarauztarrekin azaroan, bata hilaren 7an eta bestea 14ean. Proposamen guztiak jasotzen dituen dokumentua azaroaren 24ko herri bilgunean aurkeztu zuten, eta aho batez onartu bertan bildutakoek.
Udal Gobernuak, ordea, parte hartze prozesurik ez duela martxan jarri kritikatu dute EH Bilduko zinegotziek. Haien arabera, aurrekontuak lantzeko «ezinbestekoa» da herriko norbanakoekin eta eragileekin eztabaida ahalbideratzea. Udal Gobernuak halako prozesurik ez badu abiatzen, osoko zuzenketa aurkeztuko du EH Bilduk. Kontran, prozesua martxan jarriko balu, herritarrei parte hartzeko eskatu diete, «borondate eraikitzailez Zarautz hobe bat lortzeko proposamenak egiteko».
Abenduaren 30ean, ez ohiko udalbatzarrean jorratuko dituzte 2016rako udal aurrekontuak eta oraindik ere Udal Gobernuak zirriborrorik ez duela banatu salatu dute koaliziokoek, eta momentuz gainontzeko alderdi politikoekin ez dutela horren inguruan hitz egin.
EH Bilduren proposamena publikoa da eta beste udal taldeei ere aurkeztu die. «Udalaren gutxieneko zeregina herritarrei urtean egindako lanen, finantzen eta ekonomiaren egoeraren berri ematea da, eta eztabaida zein ekarpenak egiteko guneak sortzea. Ezin liteke lau horma itxien artean diseinatu. Ezinbestekoa da zarauztarren parte hartzea», nabarmendu dute.