6.600 euro lortu ditu ErriGorak Urola Kostan, euskararen alde

Ana Abarisketa 2015eko abenduaren 2a

Nafarroako Erriberako produktuez osatuta dago saskia. (HITZA)

Kanpainan zehar lortutako emaitzak batu, eta balorazioak egiteko unea da orain ErriGora egitasmoarentzat. Laugarren urtez, Nafarroako Erriberako lurrak ematen dituen produktu onenekin hornitutako saskiak jarri dituzte salgai udazkenean. Helburua, Nafarroako Erriberan euskararen alde lan egiten duten eragileak eta proiektuak bultzatzea.

Zehazki, urriaren 21ean hasi zuten kanpaina Euskal Herrian,  eta azaroaren 8ra arte egon dira eskuragarri, 50 euroren truke. Behin datuak zenbatuta, honakoa da Urola Kostako herrietan saldutako saski kopurua: Aian, 5; Azkoitian, 86; Azpeitian, 160; Orion, 40, Zarautzen 165; Zestoan, 20 eta Zumaian, 53. Guztira, 26.450 euro batu dituzte saskiak saltzetik eta 6.612,5 euro bideratuko dituzte Erriberako euskalgintza sustatzera, irabazien %25a, hain justu.

Datu orokorrei dagokionez, 12.500 saski saldu dituzte Euskal Herrian eta 157.000 euro zuzenduko dituzte, ondorioz, Nafarroan itolarrian dagoen euskalgintzari hauspoa ematera.

Proiektuak hiru onuradun nagusi izango ditu. Hala, Vianako eta Lodosako ikastolen elkarteek jasoko dute irabazien zati bat, "zorrak ordaindu" ditzaten. Nafarroako AEK-k ere jasoko du beste zati bat. Hala, gune ez euskaldunetan euskara ikasteko sortuko dituzten beken %50a finantzatuko du ErriGorak. Azken onuraduna Sortzen Elkartea izango da. Beraien helburua da umeak D ereduan matrikulatzeko kanpaina abian jartzea.

"Gora egiteko mugak"

Liher Unanue da ErriGora proiektuko antolatzaileetako bat, sei lagun dira taldean denera. Gustura dago lortutako emaitzekin, halere, aitortu du bidea dutela egiteko oraindik: "Datuak nahiko onak dira eta gustura gaude lortutakoarekin, baina gora egiteko mugak ditugula ikusten dugu".

Hedabideetan izandako presentzia ez dela nahikoa uste du Unanuek: "Jendeak ez du erosteko pausoa ematen". Unanuek argi du "ahoz ahokoari esker" lortu dutela, batez ere, herritarrengana heltzea. Datorren urterako ikasi dute beste zerbait.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide