Hondartza bizitokiko 119 aparkaleku saltzeko enkantea jarriko dute abian

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko abenduaren 1a

Xabier Txurruka alkatea eta Zarautz Lurreko Iñaki Mendia, Hondartzako aparkalekuan (A. Lozano).

Zarauzko Udalak salmentan jarriko ditu Mandabide kaleko 1-9 zenbakietan dituen aparkalekuak. Zehazki, 119 salduko ditu, horietatik 62 trastelekuarekin. Xabier Txurruka alkateak adierazi du mota askotako aparkalekuak direla, eta bost zerrenda egin dituztela, zabaleraren arabera. Trastelekurik gabeko aparkaleku merkeena  16.000 euro kostatuko da eta garestiena 27.350 euro. Trastelekua dutenak, berriz, 20.600 eta 33.190 euro artean kostatuko dira.

Horiek jabetzan emateko asmoa du udalak, eta horretarako enkantea jarri du abian. Edonork har dezake parte enkantean; lehentasuna, aldiz, udalerrian erroldatutakoek izango dute, hainbat eskatzailek eskaintza bera eginez gero. Parte hartzeko 1.000 euro ordaindu beharko dira, fidantza modura.  Interesdun bakoitzak gehienez bost aparkaleku lortzeko eskaintza egin dezake.

Enkante horretan parte hartu nahi dutenek Zarautz Lurren bulegoan (Salegi kalea, 14) eskuratu dezakete informazio osoa, gaurtik hasi eta hilaren 30era  bitartean—abenduaren 8an, 24ean eta 25ean izan ezik, jai egunak izaki—. Astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era hartuko dituzte herritarrak Zarautz Lurren, eta abenduaren 2an, 9an eta 16an, berriz, arratsaldez, 16:30­etik 19:00etara bitartean. Telefonoz ere eskura daiteke informazio osoa, 943-00 51 29 zenbakira deituta, baita  zarautz-lur@zarautz.eus helbidera idatzita ere.

Aparkalekuak ikusgai

Enkantea egin eta aparkalekuak esleitzearekin diru sarrerak lortzea du helburu udalak, gerora bestelako proiektuetan inbertitu ahal izateko. Aparkaleku eta trasteleku guztiak salduz gero, aurreikusi dute hiru milioi euro eskuratuko dituela udalak.

Adjudikazioak urteko lehen hiruhilekoan zehar egingo dituztela espero dute. Eskatzaileek enkantean eskainitako diru kopuruaren erdia aparkalekua ematen zaienean ordaindu beharko dute, eta beste erdia, berriz, adjudikatzen denetik hilabeteko epean. Aparkalekurik egokitu ez zaienei itzuli egingo zaie jarritako bermea, eta itxaron zerrenda bat osatuko dute horiekin guztiekin.

Interesa dutenek aparkalekuak eta trastelekuak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Asteartetan, ostegunetan eta larunbatetan hitzorduak zehaztu dituzte horretarako: gaur, hilaren 3a, 5a, 10a, 12a, 15a, 17a eta 19a, hain zuzen ere. Asteartetan 15:00etatik 16:00etara eman­go dituzte azalpenak Zarautz Lurreko arduradunek; ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara; eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara.

Bisita egin nahi dutenek Mandabide kaleko 3. zenbakitik zein Roke Etxabe kaleko 3. zenbakitik, itsas pasealeku aldetik, sartu ahalko dute aparkalekura.

Irisgarri izateko, igogailua

Aparkalekuak enkante bidez saltzeaz gain, horien irisgarritasuna bermatzeko asmoa du udalak. Txurrukak jakinarazi du Hondartza bizitokiko aparkalekua 70eko hamarkadakoa dela eta garai hartako araudia betetzen duela. Horrek, ordea, ez du esan nahi irisgarria denik: sartu eta ateratzeko eskailerak erabili behar dira.

Muga hori gainditzeko, igogailua jarriko dute aparkalekutik hondartza aldera, Zarautz Arraun Elkarteko lehengo lokalaren parera. Arkitektu zarauztar bati eman diote proiektua egiteko ardura, eta alkateak aurreikusi du datorren urtean gauzatuko dutela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide