Ahalduntzearen distira

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko azaroaren 27a

Urteetako ahalduntzean oinarritutako eraldaketa pertsonal baten inguruko film labur dokumentala eskainiko dute abenduaren 2an, Zarautzen: Emakume argitsuak. Ahalduntzea ikusaraziz, Indiako herrixketara argia daramaten emakumeak lana, hain zuzen ere. Pratima Dasen istorioa kontatzen du. Bera Radha Krishna Swanivar emakume erakundeko kidea da  eta  Mendebaldeko Bengalako (India) etxola xume batean bizi da. Eguzki lanparak egiteko proposatzen diote, eta berehala onartuko du. Izan ere, bere etxolan ez dago argindarrik, ezta bere komunitateko gainontzeko txaboletan ere.

Hala ere, Das ez da horretara soilik mugatuko, «emakume argitsu» bilakatzearen gaitasunarenetako arduraren jabe baita. Dasek, Indiako beste milioika emakumeren antzera, txiroa, kasta baxukoa eta emakumea izateagatik bereizkeria jasaten du. Baina urte askoan landutako konfiantzarekin, Panduako (India) Loiola eguzki lanpara formakuntza zentroan emango du izena.

Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundeak eta Udayani Social Action Forum elkarteak sortutako zentroa da hori, eta bera izango da bertan formakuntza jaso duten lehenbiziko emakume taldeko kideetako bat. Hori erakutsiko du, hain zuzen,  Fernando Verak zuzendutako Emakume argitsuak lanak: Dasen eta Indiako beste emakume askoren argitze prozesua, ale-

gia.

Calcuta Ondoan-ek antolatu du emanaldia, Zarauzko Udalaren eta Zarauzko Solidaritate Koordinadoraren laguntzarekin. Arralde Txiki elkartean izango da, 19:30ean, eta aurkezpenean bertan izango dira Udayaniko zuzendari Irudhaya Jothi eta Iñigo Eguren Valera Calcuta Ondoan-eko zuzendaria.

Abenduaren 1era arte

Aurkezpenaren ondoren indiar afaria eskainiko dute, 20:30ak aldera, toki berean. Basque Culinary Center-eko bi ikasle arduratuko dira afaria prestatzeaz. Produktu ekologikoak eta tokiko produktuak erabiliko dituzte otordua prestatzeko.

Afarian parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez. Horretarako, Calcuta Ondoan elkartearekin jarri beharko dute harremanetan, info@calcutaondoan.org helbidera mezua bidaliz edota 943-43 18 49 telefonora deituta.

18 euro kostako da eta Kutxabankeko 2095 5008 22 1062572119 kontu korrontean sartu behar da diru kopuru hori, izen-abizenak zein Zarauzko ekitaldira joango direla zehaztuta —izan ere, hurrengo egunean Donostiako Loiolatarra elkartean egingo dute aurkezpena, 19:00etan—. Bertaratzen direnek argazkiz eta olerkiz osatutako Calcuta, begirada zabalik liburua jasoko dute opari gisa. Abenduaren 1a, aurkezpenaren bezpera, da izena emateko azken eguna.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide