Didau konpainia 'Peru eta Otsoa' antzezlana antzezten. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Asteartean hasi eta ostiralera bitartean Goazen Antzerkira egitasmoan parte hartuko dute Zarauzko ikastetxeetako ikasleek. Orokieta Herri Eskolako haurrak izan ziren astearteanDidau Antzerki Faktoriak prestatutako Peru eta Otsoa antzezlana ikusten lehenak, eta ederki pasatu zuten kultur ekitaldian.
Kultur Faktoria Antzerki Elkarteak Zarauzko Kultura Sailaren babesarekin antolatu du Goazen Antzerkira kanpaina, eta txikienen artean euskarazko antzerkia ezagutaraztea eta zabaltzea du helburu. 2013an abiatu zuten kultur egitasmoa lehen aldiz, eta orain arte ikastetxeetan egin izan dute; aurtengoan, ordea, estreinekoz Modelo aretoan egingo dituzte saioak. Modu horretan haurren artean Modelo aretoa gizarteratu nahi dute, bertan antolatzen dituzten kultur ekintzetara joatea aisialdiko ohitura bihurtu dadin.
Antzerki musikatua
Didau Antzerki Faktoriak prestatu du Peru eta Otsoa antzezlana, eta konpainiako kide Ainhoa Agirreren arabera, «kalitatezko lanak» oholtzaratzen saiatzen dira. «Aurtengo lana Serguei Prokofiev-en ipuin musikatua da. Klasiko bat da, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu haurrek lan hori ezagutzea, musika nahiz antzerkia oso politak dituelako».
Hasiera batean Peru eta Otsoa ipuin errusiar bat zen, eta Prokofiev musikariak ipuinari sinfoniako hainbat musika-tresna egokitu zizkion antzerki musikatua sortuz. Didau taldeak eszenografiari dagokionean, lau metrotako zuhaitz eder bat jarri du Modeloko eskenatokiaren erdi-erdian, eta horren inguruan gertatuko da istorioa. Argiak eta atzeko ziklogramaren irudiak uztartuz egoera desberdinak irudikatuko dituzte. Didau Antzerki Faktoriako kideak bi eskuluzeren paperean jarriko dira. «Nire pertsonaiak txorakeria pila bat jasotzen ditu, baina halako batean Juanmaren pertsonaiak gramofono bat eta Peru eta Otsoa-ren disko bat aurkituko ditu».
EGITARAUA
‘Peru eta otsoa’ antzezlana
Azaroak 24. Orokieta Herri Eskola
Azaroak 25. Zarauzko Ikastola.
Azaroak 26. Antoniano Ikastetxea.
Azaroak 27. La Salle Ikastetxea.
Abenduak 13, igandea. Herritar guztientzako emanaldia.