Ilargi Etxebarria eta Eneida Monisek emango dute Zarauzko autodefentsa feminista tailerra. (A. ventas)
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroaren 25a. Indarkeria matxista gaitzesteko egitarauak prestatu dituzte herriz herri, eta, beste behin, hamaika mobilizazio egingo dira. Halere, indarkeriariak ez du etenik.
Azpeitian, esaterako, zortzi indarkeria matxista kasu berri artatu ditu udalak azken urtean. "Zifra altua da, eta bereziki da kezkagarria gero eta gazteagoak direlako biktimak", jakinarazi zuen aurreko astean Edurne Aranbarri berdintasun teknikariak. Udalera jo duten emakumeak 27 eta 41 urte bitartekoak izan dira.
Azken urtebeteko kasuen berri emateko agerraldia egin zuen Azpeitiko Udalak, eta indarkeria matxistak egun duen presentziaz "oso kezkatuta" daudela esan zuten. Ingurura begiratu, eta udal ordezkariek adierazi zuten emakumeen eta gizonen arteko "botere harremanetan" kokatzen dela arazoa. Gizarteko esparru denetan aurki daiteke arazoa, haien arabera. Hori dela-eta, arazoarekin bukatzeko "herritar guztien konpromisoa" eskatu zuten.
Mugimendu feministaren barruan autodefentsa feminista da indarra hartzen joan den tresnetako bat. Herriz herri zabaldu dira azken urteetan hori lantzeko ikastaroak eta tailerrak, baita Urola Kostan ere: Azkoitian, Zumaian eta Zarautzen antolatu dituzte egunotarako.
Zarautzen tailerra
Zarautzen, esaterako, larunbat goizean egingo dute autodefentsa feminista tailerra. Putzuzulo gaztetxean da hitzordua, 09:30ean. Izena emateko honako helbidera idatzi behar da: zarauzkosorginak@gmail.com. Zarauzko Sorginak, Bilgune Feministak eta Zarauzko Sare Feministak antolatu dute tailerra. Eneida Monis, Ilargi Etxebarria eta Garazi Eizagirrek emango dute. Hirurek eskarmentua dute mugimendu feministetan eta beraiekin hitz egin du Hitzak, tailerrari buruz.
Eneida Monis zarauztarrak argi du: "Autodefentsa feminista gure artean harremanak sendotu, eta espazio seguruak sortzeko tresna indartsua da". Adin guztietako emakumeek parte hartu dezakete tailerrean, halere gazteengan jarri nahi izan dute arreta berezia eta eskoletan ere jakinarazi dute ikastaroa egingo dutela. "Lan asko dago egiteko gazteekin, izan ere emakumea inoiz baino gehiago bilakatu da objektu, telebistako zenbait programa ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko", iritzi dio.
Defentsatik haratago
Autodefentsa feministaren eta defentsa pertsonalaren arteko desberdintasunak aipatu ditu Monisek, maiz nahastu izan direlako. Tailer honetan emakumeek soilik parte hartzen dute eta ez dira soilik teknika fisikoak lantzen, hala nola, emozioetan edo bestelako estrategietan ere sakontzen dute. "Teknika fisikoak ikasteak ez du askorako balio, baldin eta ez bagara gure ahalmenen jabe eta horiek erabiltzeko gai sentitzen", gehitu du. Tailerra genero ikuspegitik ere landuko dute: "Objektu gisa irudikatu gaituzte askotan, eta hirugarren pertsona bat etortzen da gu salbatzera. Ipuinetan printze urdinaren kasua da, baina beste mila aipatu ditzakegu", esan du Monisek.
Emakumeen kontrako indarkeria matxistak aurpegi asko dituela nabarmendu dute, behin eta berriz, mugimendu feministek. Horren harira, azken urteetako "berdintasun faltsuaren diskurtsoak" min handia egin du: "Datuek garbi uzten dute zenbat emakume hiltzen diren bortizkeria matxistaren ondorioz". Halere, hilketak "izozmendiaren punta" besterik ez dira, "askoz gehiago dago barrenean eta eremu guztietara hedatuta dago". Biolentzia sistematikoan faktore askok dute eragina: identitarioak, biolentzia sinbolikoak, ekonomikoak eta sozialak. Hala dio Ilargi Etxebarria laudioarrak: "Oraindik orain lan baldintza txarrenak guk pairatzen ditugu, eta hori oso puntu garrantzitsua da borroka honetan".
Behin biolentzia identifikatzen jakinda, bigarren atalera pasatzen da autodefentsa feministaren tailerra. "Kontzientzia hartu ostean jakin behar dugu ahalmena dugula pentsona aktibo bezala erasoei aurre egiteko", dio Etxebarriak. Norbanakoaren eta kolektiboaren ahalduntzea da, beraz, tailerrean lantzen den beste kontu bat.
Emakume bat erasotzen dutenean emakume guztiak erasotuak direla argi dutela esan dute. "Emakumea izate hutsagatik erasotzen gaituzte, ez dago beste arrazoirik", dio Monisek. Ondorioz, erantzunak kolektiboa izan behar du haien ustez, ardura gizarte osoarena delako: "Indarkeria matxista urteko 365 egunetan eta 24 orduz ematen den bezala, egunez egun borrokatu beharreko gaitza dela konbentzituta nago", nabarmendu du.
Egitaraua
AIZARNAZABAL
Gaur, azaroak 25. Gure buruak bizirik nahi ditugu lelo hartuta elkarretaratzea, 19:00etan.
AZKOITIA
Gaur, azaroak 25. Elkarretaratzea, plazan, 19:00etan. Women in black ekintza.
Azaroak 26 eta 27. Autodefentsa ikastaroa, Elkargunean.
Ostirala, azaroak 27. Hirugarren adineko emakumeen aurkako biolentzia hitzaldia, gaztelaniaz, Elkargunean, 15:00etan.
Azaroak 28, larunbata. Beldur barik-era joateko autobusa jarriko dute, Amurriora (Araba).
AZPEITIA
Gaur, azaroak 25. Bilkura plazan, 19:00etan, Bilgune Feministak deituta. Gero, 19:30ean, hitzaldia Emakumeen Txokoan, Haize Berriak-ekin.
Etzi, azaroak 27. Eguzkilore antzerkia, Gaztelekuan, 18:00etan.
ERREZIL
Gaur, azaroak 25. 18:45ean, elkarretaratzea udaletxe aurrean.
Ostirala, azaroak 27. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunarekin lotuta bertso saioa izango da, 22:30ean, Borondegin. Saiaz Gizarte Zerbitzu mankomunitateak antolatu du, Bidea denok elkarrekin egin dezagun lelo hartuta. Bertsolariak: Uxue Alberdi, Jokin Uranga, Alaia Martin eta Unai Muñoa. Gai-jartzailea: Nekane Zinkunegi. Sarrerak egunean bertan egongo dira salgai 5 eurotan.Getaria
ORIO
Gaur, azaroak 25. 19:00etan, Indarkeria matxistari ez! lelo hartuta elkarretaratzea egingo dute plazan, Galtzarri elkarteak deituta. Ondoren, 19:15ean, Martxan dokumentala emango dute Salatxo aretoan. Dokumentala Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak ekoiztu du eta El Salvador, Guatemala eta Euskal Herriko hainbat emakume feministen ikuspuntutik mundu osoko emakumeek jasaten duten indarkeria matxisten inguruko hausnarketa egiten du. Emanaldia bukatu ondoren, solasaldia izango da Euskal Herriko Bilgune Feministakoekin.
ZARAUTZ
Gaur, azaroak 25. 19:00etan, udaletxe plazan elkarretaratzea Zarauzko Sare Feministak deituta, Indarkeria sexistaren aurrean autodefentsa feminista! lelo hartuta egingo dute. Ondoren, Ainhoa Alberdik eta Eneko Balerdik kale antzezlan berezia eskainiko dute; Barren plazan izango da, 19:30ean.
Bihar, azaroak 26. Ez gara palestinaz ari ikuskizuna, Modelo aretoan, 19:00etan.
Larunbata, azaroak 28. Emakumeentzako autodefentsa feminista tailerra, Putzuzulo gaztetxean, 09:30ean hasita. Tailerra doakoa izango da eta izena emateko zarauzkosorginak@gmail.com-era idatzi behar da. Tailerra Zarauzko Sare Feministak antolatu du.
ZESTOA
Gaur, azaroak 25. Muralen pintaketa, Gurutzean, 16:00etatik aurrera. 20:00etan ekitaldia, herriko plazan. Horrez gain, egun osoan zehar herria morez pintatzera deitu dute antolatzaileek.
ZUMAIA
Gaur, azaroak 25. Ikastetxeetako ikasleekin giza katea, 11:00etan. Iluntzean, elkarretaratzea, Magnoliopean, 19:00etan.
Azaroak 28, larunbata. Autodefentsa feminista tailerra. Izena udaletxean, 943-86 50 25 telefonora deituta, eman behar da. 10 euro balio ditu.