Zarauzko suhiltzaile etxean lau lagunek osatzen dute taldea eta txandaka lan egiten dute. (Ana Abarisketa)
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako suhiltzaileak protestan daude. Pasa den uztailaren 27an lege proiektua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendurako legea oinarri hartuta. Langileak eta sindikatuak ez daude ados proiektuarekin, ordea. Eta halaxe irakur daiteke suhiltzaile etxe bakoitzaren atarian. Pankartak dituzte jarrita Suhiltzaileen lege honi ez leloarekin. Beraien ustez, lege proiektuak "ez dio aterik" ixten zerbitzuen pribatizazioari. Eta ez da suhiltzaileek gaitzetsi duten puntu bakarra, izan ere, txostena langileak kontuan hartu gabe landu izana salatu dute.
1996an sortutako legea dute oinarri egun suhiltzaileek, Eusko Jaurlaritzaren agindupean. Halere, diputazioek eskumenak dituzte, eta kasu batzuetan udalek ere bai.
Denera, 1.152 suhiltzaile daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 25 suhiltzaile etxeetan banatuta. Jaurlaritzak proiektua onartu zuenetik, indarrak batu eta protestan hasi dira. Lakuan —Gasteizen— egin zuten aurrenekoa, uztaileko lehen astean, eta Bilbon eta Donostian ere batu dira. ELA eta LAB sindikatuek txosten bat osatu dute, beraien ustez legeak jaso beharko lituzkeen puntuak azalduz. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari bidali diote, baita gainontzeko talde politikoei ere.
Pribatizaziorik ez
Hitza Zarauzko suhiltzaile etxeko lau suhiltzailerekin elkartu da. Beraientzat, sindikatuek landutako txostenean jasotzen den puntu garrantzitsuena da, zerbitzuak "publikoa" izaten jarraitu behar duela, instituzio publikoek kudeatua. "Beldurrik handiena ematen didan puntua horixe da hain justu, badakigu pribatizazioak zer dakarren, lan baldintza eskasagoak izatea, eta, beraz, zerbitzuak okertzea", dio suhiltzaileetako batek. "Enpresa pribatu batek hartuko balu zerbitzu hau negozioa egiteko litzateke, ez herritarrei zerbitzua emateko", gaineratu du beste lankide batek.
Urola Kostan bi suhiltzaile etxe daude: Zarauzkoa eta Azpeitikoa. Taldeka eta txandaka lan egiten dute, urteko egun guztietan, zerbitzua 24 orduz eman ahal izateko. Talde bakoitza lau kidek osatzen dute. Suhiltzaileen ustez, proiektu berriak kinkan jartzen du egungo funtzionamendua. Zentzu horretan diote, etorkizunean lanaldi partzialak sortzeko ateak irekita uzten dituela txostenak.
Azpeitiko suhiltzaile etxean ere pankarta jarri dute. (Ana Abarisketa)
Dagoeneko badira Araban egun erdira soilik irekitzen diren suhiltzaile etxeak, 09:30etik 21:30era. Duela hilabete pasa Agurainen sutea izan zen, gauez, eta Gasteizko suhiltzaile etxekoek joan behar izan zuten, nahiz eta egunez baden suhiltzaile etxe bat Agurainen bertan. Herritarrek ez zuten atzerapena ulertu, ordea, eta txistuka hartu zituzten Gasteizko suhiltzaile etxekoak. "Halere, kaltetuenak herritarrak dira", azpimarratu dute suhiltzaileek.
Eusko Legebiltzarrari dagokio orain proiektua onartu edo ez erabakitzea. Sindikatuek eta suhiltzaileek, berriz, proiektua bertan behera utzi eta hutsetik hasita berri bat sortzea dute helburu. Horretarako, mahai inguruan bildu eta denen ideak jasoz lege berri bat osatu nahi dute; suhiltzaile, instituzio publiko eta herritarrak aintzat hartuko dituen legea sortzeko. Bien bitartean, protestan jarraitzeko asmoa dute suhiltzaileek.