Zarauztik Mundura jaia (Aiora Larrañaga).
Urriko udalbatzarrean gehiengoz onartu zituzten Zarauztik Mundura, Mundutik Zarautzera kazetaritza bekarako oinarriak. Dagoeneko publiko egin dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Bertan jaso bezala, adinez nagusi diren norbanakoek edota elkarteek aurkeztu ahalko dituzte ikerketa eta dibulgazio proiektuak.
Migratzaileak izan ziren eta diren zarauztarren bizipenak, testigantzak eta bizitza-istorioak jaso beharko dituzte lanek. Halaber, ezinbestekoa izango da migrazioaren trataera profesionala egitea; Zarauzko migrazio mugimenduen ikuspegia lantzea, migrazio garai ezberdinak kontuan hartzea eta beste lekuetara joandako zarauztarren ikuspegia jorratzea, kasu.
Horrez gain, epaimahaiak beste hainbat irizpide izango ditu kontuan proiektuak baloratzerakoan: interesa, kalitatea eta originaltasuna; udalerriko migrazioa ezagutarazteko egiten duen ekarpena; haurren eta familien migrazioen berri ematea; genero berdintasunaren arloan eragin positiboa izatea; eta euskaraz idatzia egotea, besteak beste.
Idatzizko lanak
Idatziz aurkeztu beharko dira lanak. Jakinarazi dute erabaki hori hartu dutela iaz Destokian ikus-entzunezkoak irabazi zuelako beka. Usua Garin, Laida Aranburu eta Ekhiñe Muguruzak egin zuten.Aurten, lan irabazlearekin liburua kaleratzea erabaki dute. Gutxienez, 50.000 karaktere izan beharko ditu lanak.
Abenduaren 7an amaituko da lanak aurkezteko epea. Jendarte Zerbitzuetan utzi beharko dira txostenak, astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:30era bitartean, edota postaz bidali, jaranguren@zarautz.org helbidera. Informazio zabalagoa 943-00 51 27 telefonora deituta eskuratu daiteke.
Beka jasotzen duenak, beka ematen denetik sei hilabete izango ditu gehienez proiektua egiteko. Udalak 3.000 euro emango ditu horretarako.