Zenbait lan egiten ari dira dunetako pasabidean segurtasuna bermatzeko

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko azaroaren 18a

Xabier Txurruka Zarauzko alkatea pasabidean, atzo (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Aurreko agintaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak proiektu bat adostu zuten dunetako pasabidearen behin betiko segurtasuna bermatzeko.  Proiektu hori berraztertu egin du egungo gobernuak, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi duenez, «egokiago planteatu» zitekeelako. Hori dela eta, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzarekin, URArekin eta aldundiarekin harremanetan jarri da udala, eta beste irtenbide bat adostu dute.

Txurrukak jakinarazi duenez, aldundiak 250.000 euro inguruko diru laguntza eskaini zion udalari urtea amaitu aurretik gune horretan segurtasuna bermatzeko obrak egin ahal izateko. Orain, osatu duten irtenbidearekin «diru dezente» aurreztuko dutela dio Zarauzko alkateak, eta pasabideko sarea atontzeaz gain, diru kopuru hori pasabidearen inguruan zintzilika zeuden obra txikiak egiteko ere baliatuko dutela.

Nabarmendu  du duna gaineko pasabidea «oso txukun» geratu dela, baina azken ukitu horiek emanda bukatutzat emango dutela itsas bazterreko igarobide horren, biotopoaren eta inguruko pasealekuen egokitzapena.

Hala, oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta golfeko zaleek euren jarduerak aurrera eraman ditzaten lanak egiteaz aparte, beste lau obra txiki ere egingo dituzte urtea amaitu aurretik. Batetik, Iñurritza errekako begiratokia eta horren ingurua berrituko dituzte. Bestetik, pasabideak eta biotopoko hondarguneak muga egiten duten zatia ere eraberrituko dute.

Golfari dagokionez, bi izango dira egingo dituzten esku hartzeak: batetik, hirugarren zuloaren inguruan horma bat jarriko dute lurrari eusteko; eta bestetik, ureztatze sareetako bat atzeratuko dute, dunara isurketarik egon ez dadin.

Dagoeneko hasi dira segurtasuneko sarea atontzeko lanekin, eta horiek bukatu bitartean pasabidea itxita egongo da.

Behin hori eginda, beste lanekin jarraituko dute baina pasabidea irekita egongo da, herritarrek erabil dezaten.

Sarea atondu

Obra nagusiak pasabideko  segurtasuna bermatzea du helburu, behin betirako. «Hasieran onartuta zegoen proiektuaren konplexutasuna ikusita, pentsatu genuen irtenbide xumeagoa eta eraginkorragoa lortzea posible zela», azaldu du Zarauzko alkateak. Kosta Zuzendaritzaren zein aldundiaren onarpena lortuta, arkitektuarekin eta Real Club de Golf elkarteko ordezkariekin bildu ziren udal ordezkariak, eta  irtenbide bat adostu zuten guztien artean.

Zentzu horretan, barandako zutoin baxuak luzeago batzuekin ordezkatuko dituzte, eta baita egungo sarea eusten duten zutabeak ere. «Azken finean, egun pasabidearen zati batzuetan segurtasuna bermatzeko  daukagun sistema bera errepikatuko dugu beharra dagoen beste 300 metroetan zehar ere. Hala, ehuneko handi batean lortuko dugu oinezkoen segurtasuna bermatzea», dio.

Mariezcurrena enpresari eman diote lan horiek egiteko ardura, eta pasa den astean hasi ziren langileak lanean.

Begiratokia berritu

Iñurritza erreka ondoko begiratokia erabat berrituko dute.  Zarauzko alkatearen esanetan, urteen poderioz eta enbaten ondorioz, begirakoa eusten duten  enborrak «egoera kaskarrean» geratu dira. «Horrek egitura kaltetu eta mugiarazi egin du. Helburua begiratoki horren oinarriari behin betiko irtenbidea ematea izango da».

Inguruan askatuta dauden harriak baliatuko dituzte egitura bat egiteko. Horrekin batera, begiratokia bera ere erabat berrituko dute, eta baita bertara heltzeko pasagunea ere.

Kanaleko muga

Emango duten beste obra bat Iñurritza ondoko hondargunerako sarrera mugatzeko pasabidearen bukaeran dagoen atearen ingurukoa da.  Gune hori eraberritzea eta atontzea du helburu horrek.  «Bertan burdinezko egitura bat eta sare bat jarrita daude, behin-behinean. Hori erdoilduta dago neurri handi batean eta konpontzeko garaia heldu zaiola iruditzen zaigu».

Hala, sarezko egitura eta egurrezko ate bat jarriko dituzte, zubiarekin bat eginda. Modu horretan, «ingurunearekin bat egingo duen irtenbide egokiagoa» emango diote.

Hirugarren ‘green’-eko lurrari eutsi

Beste proiektu batek golf zelaiko hirugarren green-ean sortu den arazoa konpontzea du helburu. Txurrukaren arabera, itsasaldien ondorioz  eta pasabidea egiterakoan, golf zaleak konturatu ziren zelai horretan lur galera bat zegoela, eta lurrak behera egin zuela. «Pentsatu dugu  behin betiko irtenbidea ematera goazen une hau egokia dela beharrezkoa den egurrezko horma bat egiteko», adierazi du.

Zurezko hesi horrek lurrari eutsiko dio eta, ondorioz, galerarik ez izatea eragingo du.

Ureztatze sarea mugitu

«Pasabidearen kokapena atzeratu zenean, golf zelaia ureztatzeko sareetako bat azpian geratu zen. Orain egitera goazen lanekin, sare hori bertan behera utzi eta egun dunetan jasaten diren isuriak saihestuko ditugu», azaldu du Txurrukak.

Horretarako, sare hori golf aldera mugituko dute, modu horretan, golfa ureztatuko dute baina dunari kalterik egin gabe.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide