Xabi Aizpurua eta Haritz Etxeberria Hausnartu sarietan sarituak izan dira

Urola Kostako Hitza 2015eko azaroaren 17a

Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen Hausnartu Euskal Soziolinguistika Sarien VIII. edizioko irabazleak jakinarazi dituzte. Lehen saria Xabi Aizpurua Ugarte Zarautzen bizi den oikiarrak irabazi du, Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia lanarekin. Honek 1.500 euroko saria eta Zumetaren litografia bat jasoko ditu.

Bigarren saria Jaime Altuna Ramirezek jasoko du, Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntz mudantzak nerabezaroan lanarekin. Honek 1.000 euroko saria jasoko du.

Hirugarren saria, berriz, Haritz Etxeberria Bereziartua azpeitiarrarentzat izan da. Kasu honetan, EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan lana da. 700 euroko saria jasoko du.

Lan irabazleak BAT aldizkariaren 97. zenbaki monografikoan argitaratuko dituzte, datorren hilean, abenduan. Sari banaketa ekitaldia, berriz, datorren urtarrilaren 29an egingo dute Donostian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide