Azaroaren 25aren harira Magrebi buruzko hitzaldia, gaur

Urola Kostako Hitza 2015eko azaroaren 17a

Mundu Zabaleko Emakumeak hitzaldi zikloa.

Datorren azaroaren 25ean da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, eta Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak ekitaldi ugari antolatu ditu horren harira. Pasa den hilaren 4an egin zuten egitarauko lehen ekitaldia: sexu esplotaziorako pertsonen salerosketari buruzko Chicas nuevas en 24 horas film dokumentala eman zuten.

Horrez gain, Mundu Zabaleko Emakumeak izeneko hitzaldi zikloa ere eskainiko dute, hainbat herrialdetako emakumeen egoera ezagutzera emateko eta kultura ezberdinen inguruko estereotipoak hausteko helburuarekin.

Hain zuzen, gaur hasiko dute zikloa, Magrebi buruzko hitzaldiarekin. Maya Amranek emango du. Munduko Emakumeak elkarteko kidea da, Kazetaritza eta Komunikazio Zientzietan zein Gizarte Bitartekaritza eta Kulturarteko Hezkuntzan lizentziatua, besteak beste.  18:00etatik 20:00etara izango da, Etxezabalako areton nagusian, doan.

Beste bi hitzaldi ere eskainiko dituzte: bata hilaren 24ean latinoamerikari buruz, Ana Murciarekin, eta bestea abenduaren 1ean Afrika beltzari buruz Jeanne Rolande Dacougnaren eskutik. Ordu eta leku berean izango dira hitzaldi horiek.

Bihar, Irakurketa Txokoa

Bihar egingo duten Irakurketa Txokoak ere gai horri helduko dio. 17:30ean hasiko dute ekitaldia, ohi bezala, Sanz Enea liburutegian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide