Torreoia bizirik mantentzeko askotariko ekitaldiak antolatu ohi dituzte Torreoiaren inguruan (Aiora Larrañaga).
Torreoia Bizirik taldeak Elkartasun Barrikote Jaia antolatu du larunbat arratsalderako. Talde horren helburua XX. mendeko eraikin hori zein horren ingurua auzolanaren bitartez biziberritzea da. Larunbateko ospakizunarekin herriko kultur eragileak eta auzoak elkarlanera bultzatu nahi dituzte antolatzaileek.
Horretarako, era askotako jardunaldiak antolatu dituzte. Larunbatean arratsaldeko seietatik hasita, parrillada egingo dute Vista Alegreko futbol zelaian, pintxoak, edaria eta txotxeko sagardoa ere eskainiko dizkiete bertaratzen direnei.
Girotzeko, berriz, musika izango da. Hain zuzen, Nahiko larri trikitilariek alaituko dute festa, eta Mor more taldeak ere eskainiko du kontzertua. Jakinarazi dute, horrez gain talde sorpresa bat ere izango dela ospakizunean. Txikienek ere gozatu ahalko dute festaz, haurren txokoa jarriko dutelako. Halaber, askotariko zozketak egingo dituzte.
Zarauztarrak erakarri
Torreoia aktibo kultural bihurtzeko asmoz, hainbat ekitaldi egin izan dituzte azken urteetan gune horren inguruan. Esaterako, pasa den uztailean Torreoiaren inguruan haurrekin kanpaldia egin zuten asteburu batean, eta 2014ko irailean udazken festa egin zuten. Ordukoan besteak beste, Taichi-a, biodantza eta paella herrikoia egin zituzten bertan.
Garai bateko joerari eutsi nahi diote, eta espazioari bultzada eman, zarauztarrak bertara erakarriz. Hain zuzen, horretarako baliatuko dute larunbateko festa ere.