Elkarren ondoan eta elkarrekin

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko azaroaren 10a

[caption id="attachment_213038" align="aligncenter" width="300"] Bertakoak ekimenean parte hartuko duten hainbat lagun (Amaia Ventas Aldabaldetreku).[/caption]

Aurten bigarren aldiz egingo dute Bertakoak ekimena Zarautzen. Azaroaren 14ean izango da, zehazki. Horren helburua, jatorri ezberdinetako zarauztarrak elkartzea da, gastronomia aitzaki hartuta, denbora bat parteka dezaten. Zarauzko Immigrazio zinegotzi Iratxe Zorrozuak nabarmendu du integrazioa «bi norabideko prozesua» dela, hau da kanpotik etorritakoekin zein bertako zarauztarrekin landu beharrekoa.

Haren arabera, etorri berriei herriko parte sentiarazten lagundu behar diete bertakoek, eta horretarako, kulturaniztasunaren aitortza egin eta bizilagun berriek bertako ekimen, elkarte, politika, festa eta bestelako ekitaldietan parte hartzeko bitartekoak jarri behar dira. «Forma naturalean sortu diren harreman guneak babestu eta bultzatu behar dira, eta aldi berean, gune berriak sor daitezen baldintzak jarri behar ditugu», adierazi du Immigrazio zinegotziak. Nabarmendu du Bertakoak ekimenarekin hori lortu nahi dela: maiz elkarren ondoan baina ez elkarrekin bizi direnak hurbildu eta esparru bat partekatzea, hain zuzen.

Azaroaren 14an bitartekoak herriko elkarte gastronomikoak izango dira.  Iaz bezala, herriko hainbat elkartetan bildu eta atzerritik etorritako lagunek euren herrialdeetako jakiak prestatuko dituzte, zarauztarren laguntzarekin.

Julen Aranguren Immigrazio teknikariak gogoratu du ez dela sukaldaritza ikastaro bat, guztiek elkarrekin bazkaria prestatu eta bazkalduko dutela.

Gallopinto eta hallaca

Aurten ere zortzi elkarte gastronomikok hartuko dute parte egitasmoan, eta bakoitzean herrialde jakin bateko platerak prestatuko dituzte: Alkartasunan Saharakoak, Ongi Etorrin Kolonbiakoak, Kurpilen Paraguaykoak, Arrano Kabian Nikaraguakoak, Francisco de Zurbaranen Pakistangoak, Iñurritzakoan Venezuelakoak, Ezkertokin Argentinakoak eta Batzokian Boliviakoak.

Gehienek aurreratu dute zein izango den egun horretako menua. Sahararrek cous cous-a haragiarekin eta arroza arrainarekin prestatuko dute; paraguayarrek zopa solidoa; nikaraguarrek gallopintoa eta anana saltsa; hallaca venezuelarrek eta oilasko mina eta itsasoko aparra boliviarrek.

Izena, Immigrazio sailean

Bertakoak egitasmoa herritar guztiei zabalik dagoela nabarmendu du Arangurenek. Laguntzaileak hamabi izango dira eta horietako bik elkarteko bazkide izan beharko dute.

Parte-hartzaileek 13:00etan bukatuko dute janaria prestatzea, eta sukaldea libre utziko dute beste elkartekideek erabili ahal izateko.

Ekimenean parte hartu nahi dutenek Immigrazio Zerbitzuan eman beharko dute izena, Zigordia kaleko 33. zenbakian, 943-005127 telefono zenbakira deituta edota immigrazioa@zarautz.org helbidera idatzita.

Partaide bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu, eta zehaztu beharko du zein elkartetan bazkaldu nahi duen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide