Haurren desioak entzutera datoz

Urola Kostako Hitza 2016ko urtarrilaren 5a

Gutunak eskuan zituztela, urduri, itxoin zieten eskualdeko haurrek atzo Errege Magoen laguntzaileei eta Bizarzuriri. Herriz herri, ehundaka ume eta heldu bildu ziren herriko plazetan, urtarrilaren 6an zer opari jaso nahi dituzten jakinarazteko. Atzoko jaia igarota, gaur iritsiko dira Errege Magoak Euskal Herrira eta Urola Kostara. Pajeak izango dituzte lagun, eta harrera beroa egingo diete eskualdean.

Zumaian, berritasun gisa, dromedarioetan iritsiko dira herrira. Azpeitian, berriz, trenak eramango du hirukotea herrira, Lasaotik abiatuta. San Anton menditik iritsiko dira Getariara; eta Zestoara, Akoa auzotik barrena. 18:00ak eta 19:00ak bitartean, herri guztietan izango dute aukera erregeei ongietorria egiteko. Azkoitian, beti bezala, Ekarriko ohiukatuko diete haurrek Errege Magoei. Elosun ere antolatu dute jaia Erregeak etxean bezala senti daitezen, lan egin behar duten gau magikoan.

Erregeen pajeak atzo, Azpeitian.

Erregeen etorrera

Aia

18:15ean, Erregeen etorrera.

Aizarnazabal

19:00etan iritsiko dira Erregeak pilotalekura.

Azkoitia

16:30ean, Erregeen pajeek eskutitzak jasoko dituzte, eliz atarian. Ondoren, 19:30ean, Erregeen desfilea, Santa Klara elizatik abiatuta.

- Elosu auzoan, 17:00etan ipuin kontalari bat egongo da; eta, gero, 18:00etan, Errege Magoak menditik jaitsiko dira, antortxero, tronpetero eta danbor soinuekin. Gaztainak egongo dira.

Azpeitia

17:00etan abiatuko dira Erregeak Lasaotik Azpeitira, trenez. 17:30ean iritsiko dira Erregeak Burdinbidearen Euskal Museora. 19:00etan abiatuko da Erregeen desfilea, igerileku aurretik.

Getaria

18:30ean iritsiko dira Errege Magoak San Anton menditik herrira. Portutik igaro ostean, herrigunean barrena egingo dute desfilea.

Orio

11:00etatik aurrera Erregeen laguntzaileak gutunak jasoko dituzte kalez kale eta plazan.

18:00etan Errege Magoen desfilea izango da Talai Mendik antolatuta.

Zarautz

18:30ean, desfilea Bizkaia kaletik hasita.

Zestoa

18:45ean Erregeak Akoatik barrena jaitsiko dira. Arroabean ere egingo dute desfilea.

Zumaia

18:30ean hasiko da Erregeen desfilea, eta kalez kale ibiliko dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide