Oholtza zain du Beñat Lizasok

Urola Kostako Hitza 2015eko azaroaren 6a

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final laurdena igandean lehiatuko da, Eskoriatzako kiroldegian, 17:30ean. Han ariko dira sei bertsolari, eta tartean da Beñat Lizaso azpeitiarra. Gainerakoak honako hauek dira: Manu Goionaga, Mikel Artola, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Unai Mendizabal.

Txapelketari errepasoa eginez, final laurdenak irabazita finalaurrekoetarako zuzenean sailkatuta daudenak dira: Beñat Gaztelumendi (516 puntu), Agin Laburu (516), Nahikari Gabilondo zarauztarra (504,5) eta Ander Lizarralde (501).

Batutako puntuazioari esker, final laurden baten faltan matematikoki honakoak daude sailkatuta behin-behinean: Iñaki Gurrutxaga oriotarra (499,5), Felix Zubia zarauztarra (499), Iñaki Apalategi (498,5), Alaia Martin (495), Beñat Iguaran (491), Nerea Elustondo (490), Arkaitz Oiartzabal Xamoa (490) eta Jon Maia zumaiarra (489,5).

Aldiz, ikusteko dago honako bertsolarien sailkapena hurrengo faserako: Jon Martin (485,5), Unai Gaztelumendi (485), Ane Labaka (476), Jokin Uranga azpeitiarra (475), Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarra (474,5), Jexux Mari Irazu (473,5), Asier Azpiroz (470,5), Eli Pagola (459,5), Amaia Iturriotz (454), Manex Mujika (453,5), Maider Arregi (444) eta Eneritz Artetxe azkoitiarra (441,5).

Sarrerak, hainbat tokitan

Datozen saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu daitezke. Final handia abenduaren 19an jokatuko da, Donostiako Ilunben, 17:00etan hasita. Sarrerak sarean lortzeaz gain, honako tokietan daude eskuragarri: Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Zarauzko Txiki Polit-en eta Zumaiako Turismo Bulegoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide