Azken 50 urteetan, 1960 eta 2010 artean, indarkeriaren ondorioz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hildakoen txostena osatu zuen duela hilabete batzuk Eusko Jaurlaritzak. "Indarkeria mota guztietako" biktimak bildu dituzte txostenean, eta, lehen aldiz, pertsona guztien izen-abizenak ageri dira, "inor kanpoan utzi gabe".
Hala azaldu zuten Aintzane Ezenarro Gogora institutuaren zuzendariak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak txostenaren aurkezpenean. Orduan esan zuten ikerketa ez dagoela erabat itxita, 52 kasu ikertu behar dituztelako oraindik orain.
Udalerriz udalerri landutako Bizitzeko Eskubidearen Aurkako Urraketak txostenean ez daude, hala ere, diren guztiak. Zarautzen eta Azkoitian, esaterako, udalbatzetako mahai gainean jarri dituzte zerrendetan agertzen ez diren herritarrak, txostenean jasotzeko eskaerak eginez.
Zarautzen, mozioa aurkeztu zuten EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Irabazi Zarautzek txosten horretan agertzen ez diren lau bizilagunen kasuak kontutan hartu daitezen. Halaber, beste bi bizilagunen kasuak udalak bere garaian landutako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen dokumentuan barneratzea adostu zuten alderdi politiko guztiek, mozio horren bidez. Udalbatzak osotasunean aurkeztu zuen mozioa pasa den ostegunean, eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari igorri dio. Zarautzen gai honen inguruan talde politiko guztiak ados jarri diren aurreneko aldia izan da, beraz, "gustura" agertu dira udal talde denak. Xabier Txurruka alkateak (EAJ) zera gehitu zuen: "Gaur eman dugun pausua oso garrantzitsua da etorkizunerako".
Zarauzko sei bizilagun
Zerrendan lehenengoa da Jose Benito Mujika Zumeta Xenki (Zarautz, 1950). 1972. urteko irailaren 2an hil zuen Lekeition Guardia Zibilak, beste kide batekin batera. Egileek, aurrez aurreko tiroketaren teoria zabaldu zuten orduan; baina frogatu ezin duten arren, lekukoek, senideek eta gertaeraren xehetasunek hilketaren teoria zabaltzen dute. ETAko kidea zen.
Zarauzko Udalak mozio bidez eskatu du Eusko Jaurlaritzak landutako dokumentuaren Egiaztatze eta ikerketa lan handiagoa behar duten kasuak atalean gehitu dezatela Xenki-ren kasua.
Jose Luis Lopez de la Calle (Tolosa, 1938) zerrendan gehitzea aztertzea eskatu du udalak, herriko bizilagun gisa. Lopez de la Callek denboraldi luzeak igarotzen zituen Zarautzen. 2000. urteko maiatzaren 7an hil zuen Andoainen ETAk, tiroz. Kazetaria zen.
Rafael Gil Marin eta Enrique Rua Diaz Guardia Zibilak dira Zarauzko udal mozioan agertzen diren beste bi bizilagunak. 1983ko uztailaren 7an hil zituzten Getariako Portuan, Komando Autonomo Antikapitalistei egotzitako atentatuan. Zarauzko Kuarteleko Guardia Zibilen hilketa dokumentuan gehitzea aztertzea eskatu du udalak.
Azkenik, Maddi Alvarez eta Mikel Essery zarauztarrak aipatzen dira udalaren testuan. Bonba auto batez, atentatu suizidan hil ziren biak Yemenen; Al Kaedari egotzitako erasoan. 13 laguneko turista taldea zihoan, comboy batean. 2007.urteko uztailaren 2an gertatu zen ezbeharra, bonba auto bat lehertu zuen suizida batek comboy-aren aurka eta hamar pertsona hil ziren, tartean turista taldeko zazpi lagun.
Bi herritar hauen kasuan, euskal gatazkari zuzenki lotuta ez egon arren, indarkerian oinarritutako giza eskubideen urraketa eman zela ulertzen du udalak. Ondorioz, erakunde horrek bere garaian bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen inguruan landu zuen dokumentuan gehitzea erabaki du.
Azkoititik Hendaiara
Javier Larrañaga Juaristi Peru (Azkoitia, 1957) da txostenean agertzen ez den eskualdeko beste herritarretako bat. Hilabete luzez egon zen preso azkoitiarra Donostiako Martutenen, ETAko kidea izatea leporatuta. Aurretik, Intxaurrondon torturak jasan zituen, haren senideek azaldu dutenez. 1977an, anmistia bati esker aske gelditu zen, eta Hendaiara joatea erabaki zuen, ihesi. Poliziaren kontrolak sarri izaten ziren. 1979ko maiatzaren 9an, errepidean kontrolak zirela-eta, Hendaiako eskola zeharkatuz etxeratuko zela esanez agurtu zituen beste iheslariak. Hurrengo egunean jaso zuten abisua senideek. Esan zienez, eskolara sartu zen gaztea eta hango zaindariak tiroa bota zuen airera, azkoitiarra buruan joz.
Peru Baionako San Leon ospitalean aurkitu zuten senideek. Medikuei galdetuta, bala buruaren alde batetik sartu eta bestetik atera zitzaiola esan zien senideei. Gero jakindakoaren arabera, zaindariak arma baimena zuen eta Aljeriako gudan parte hartu zuen aurretik, legionario gisa. Istriputzat jo zuten gertatutakoa eta deklaratu ostean libre gelditu zen Frantziako bizilaguna.
Senideek aukera izan zuten azkoitiarra anbulantzian jaso zuten sendagileekin hitz egiteko. Zerbait esan zuen galdetuta, euskaraz hitz batzuk esan zituela azaldu zien, baina ez zirela ulertzeko gai izan. Hiru egunera hil zen Peru, 21 urte zituen.
EH Bilduk Azkoitiko urriko Udalbatzan egin zuen Javier Larrañaga Peru herriko biktimen zerrendan gehitzeko eskaera. Javier Zubizarreta alkateak (EAJ) inolako eragozpenik ez duela erantzun zien koalizioko kideei.