Igor Iturain, Nekane Arrizabalaga, Ana Eizagirre eta Jabier Zubizarreta. (UK Udal Elkartea)
Urola Kostako landa eremuko eta lehen sektoreko jarduera ekonomikoa sustatzeko asmoz antolatzen ditu Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak Urkome Sariak. Aurtengoa laugarren urtea izango da, eta ekimen eta jarduera berritzaileak sarituko dituzte bertan. Asteazkenean aurkeztu zuten sariketa Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, eta bertan izan ziren Igor Iturain udal elkarteko lehendakaria, Jabier Zubizarreta Iraurgi Berritzen elkarteko lehendakaria eta Azkoitiko alkatea, Ana Eizagirre Urkomeko lehendakaria eta Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea.
Urkome Sariek sei arlo sarituko dituzte. Lehenengo bost ataletako saridunek 2.000 euroko saria jasoko dute, eta herritarren botoekin irabazi duenak, eskualdeko produktu sorta. Epaimahaiak, besteak beste, ideia berritzaileak izatea, bidegarritasun ekonomikoa izatea, enplegua sortzeko aurrikuspena izatea, teknologia berriak erabiltzea eta berdintasuna sustatzea kontutan hartuko ditu sariak ematerakoan. Erakunde, elkarte, norbanako eta lehen sektoreko enpresek parte hartu dezakete lehiaketan, eta proiektuak aurkezteko epea azaroaren 2tik azaroaren 16ra bitartean egongo da zabalik. Informazio zehaztua nahi dutenek urkome.net webgunean eskuratu dezakete.
Sektore inportantea
Aurkezpenean parte hartu zuten erakundeetako ordezkari guztiek azpimarratu zuten Urkome Sariek eskualdeko garapenerako duten garrantzia. «Lehiaketaren bidez herritarrek beren proiektuak plazaratzeko aukera izaten dute, eta bien bitartean landa eremuaren potentziala garatzen laguntzen dute. Guk, Urola Kostako Udal Elkartetik, garrantzia handia ematen diogu enpresa ideia berriak sustatzeari, eta Urkome Sariek ere bide hori jorratzen dute», azaldu zuen Iturainek. Ildo beretik, Zubizarretak azpimarratu zuen ekintzailetasuna bultzatzeko languntza osoa izango dutela herritarrek Iraurgi Berritzen-en partetik.
Urkome Elkartetik azaldu zutenez, «baserriko jarduera aldatzen ari da etengabe eta bertako jarduera ekonomikoa gero eta txikiagoa da». «Badakigu oso lan lotua dela eta baserri askok ez dute baserri bezala etorkizunik, belaunaldi berriek ez baitute jarraitu nahi. Horregatik, oso garrantzitsua da lehen sektorean lan egiteko gogoa dutenei horretarako aukera ematea, eta beren proiektuak sustatzea».
Iturainek gogorarazi zuen askotan ahaztu egiten garela landa eremuak eta lehen sektoreak Urola Kostan duen garrantziaz. «Kostaldea turismoarekin lotzen da nagusiki, baina ez dugu ahaztu behar eskualdea bisitatzera etortzen den turista bertako produktuak dastatzera eta ingurumenaz gozatzera etortzen dela. Horiek lehen sektorearekin guztiz lotuta daude, eta ez baditugu lantzen, gure ondarea galduko dugu».
Urkomeko arduradunek gogorarazi zuten Urola Kosta eskualdeko jarduera ekonomikoaren %9,82 lehen sektorearekin lotuta dagoela, eta ezinbestekoa iruditzen zaie arlo horretan lan egitea.