Pepi Tena, Juan Ramon Alberdi eta Ana Artetxe. (Ana Abarisketa)
Asteazken arratsaldeetan elkartzen dira Azkoitiko taberna batean. Duela urte batzuk ez zuten apenas elkar ezagutzen; orain, "edozertaz" hitz egiteko elkartzen dira astean behin, ordubetez. Juan Ramon Alberdi, Ana Artetxe, Pepi Tena eta Miguel Merinok betekizun bakarra izaten dute hitzorduetan: euskaraz hitz egitea.
Alberdi duela sei urte batu zen Azkoitiko AEK-k kudeatutako Mintzalagun egitasmora. Aurretik, AEK-k eskaintzen dituen alfabetatze ikastaroetan ibili zen bi urtez: "Eslokan ez nuen euskaraz ikasi, eta beraz, ez nekien idazten, eta irakurtzea ere asko kostatzen zitzaidan. Gero, unibertsitatean hasi nintzen, eta AEKrekin harremana eten beharra izan nuen. Halere, ez nuen AEK utzi nahi, lagun onak egin bainituen". Mintzalagun jaio zela ikusita, izena ematea erabaki zuen. Alberdiren ustez, Mintzalagun "aukera polita" da euskarazko ikasleei laguntzeko. "AEKn ikusi nuen jendeak zer nolako ahalegina egiten duen euskaraz ikasteko", azaldu du.
Tenak urteak eman zituen euskara ikasten HABEn, 2006an utzi zuen arte. Denborarekin euskara "galdu" egin zuen, ordea. Orain hiru urte eman zuen izena Mintzalagun egitasmoan eta, iaz, eskolak berreskuratu zituen AEKn. Halaxe elkartu zen Alberdirekin eta Merinorekin euskara praktikatzera.
Lehendik ere elkar ezagutzen zuten Alberdik eta Tenak, baina "ohituraz", gaztelaniaz aritzen ziren. "Egunerokotasunean euskaraz hitz egitea da zaila niretzat, hortaz, Mintzalagun taldea da horretarako dudan aukera bakarra", azaldu du Tenak. Barrezka diote kalean elkarrekin topo egitean euskaraz agurtzeko ohitura hartu dutela: "Orain zaila egiten zaigu elkar ikustean gaztelaniaz hitz egitea", dio Alberdik.
Artetxe izan da azkena taldera batzen. Iaz, hain zuzen, taldekide bati lekukoa hartzeko. Kide hura berriro itzuli zen gero, eta lau dira ordutik. Makina bat gai landu dituzte solasaldietan: bidaiak, Azkoitiko historia, antropologia nahiz futbola. "Edozertaz" hitz egiten dute.
Ez da lotsarik taldean
Mintzalaguni esker euskara asko hobetu du Tenak: "Hasieran ez nuen ezer esateko gaitasunik, eta, orain, lotsarik gabe hitz egiten dut". Lotsa galtzea eta ausardia izatea aipatzen dituzte hizkuntza ikasteko ezaugarri gisa. "Euskaldun zaharroi askotan gertatzen zaigu, euskararekin zailtasunak dituztenekin gaztelaniaz hitz egiten hastea, gure ustez laguntze aldera, gainera", dio Artetxek penaz.
Herrian euskaldunen artean gaztelaniaz hitz egiteko dagoen joera aipatzen dute taldean. "Azkoitian gaztelaniaz kontsumitzeko joera handia dago, asko irakurtzen da gazteleraz esaterako", irizten dio Alberdik. "Hitz egin ere asko egiten da gaztelaniaz", gehitu du Artetxek. Alberdik zera gaineratu du: "Iruditzen zait batzuek erraz eskatzen dietela ez dakitenei euskaraz ikastea, baina gero beraiek euskaraz irakurtzeko dituzten gabezien aurrean gaztelaniara jotzen dute. Esfortzua denok egin behar dugu, ordea".
Tenak aitortu du urteak behar direla hizkuntza ikasteko. "Esfortzua handia da benetan". Zentzu horretan, euskaldun berriei zor zaien aitorpena aipatzen du Alberdik. "Euskaraz ikastea ontzat hartzen da, baina uste dut jendeak ez duela benetako kontzientziarik bide horrek eskatzen duen ahaleginaz". Mintzalagunek asko ematen diela aitortu dute hirurek, eta hitz onak besterik ez dituzte taldekideez. Tenak, esaterako, hizkuntza transmititzeko egiten duten ahalegina eskertzen die. Alberdik garbi du: "Uste dut euskaldun berriei zor diegula espazio bat euskara ikasteko, eroso sentitu daitezen. Bueltan geuri datorkigu, ikasten ari direnaren poza, denona den espazioa badutela sentitzea, euskararen eremuan denok gaudela sentitzea".
Mintzalagunek indartsu jarraitzen du Urola Kostan
2009ko urtarrilean martxan jarri zen lehenengo aldiz Mintzalagun egitasmoa eskualdeko kostaldean: Zumaian, Getarian, Zarautzen, Aian eta Orion hasi ziren. Programak bilakaera ona izan du, eta urtetik urtera gora egin du parte-hartzaile kopuruak. 2009an, 41 kide zituzten, 2010ean 54, 2011n 83, 2012an 76, 2013an 67, 2014an 75 eta 2015ean, 91 kide. Urtero, batez beste, 69 lagun eta 20 talde inguruk osatzen dute egitasmoa.
Etorri, parte hartu, hitz egin lelopean, 2015-2016 ikasturtean 95 lagun inguruk eman dute izena oraingoz. Iazko talde guztiak dagoeneko martxan daude; talde berriak, berriz, orain ari dira martxa jartzen. Hala ere, ikasturte berrirako honako taldeak aurreikusten dituzte: bost talde Zumaian, bi Getarian, hamalau Zarautzen eta Orion hiru. Ikasturtean zehar hainbat ekintza egitea aurreikusten dute, urtez urteko ohiturei eutsiz.
Urola Erdiari dagokionez, Azkoitian hamabi talde dituzte ikasturte honetan, Zestoan ez dute momentuz egitasmoa martxan jarri, eta Azpeitian antzeko proiektuak egin ohi dituzte, Mintzalagunen ordez.
Mintzalagun egitasmoa Zarautzen kudeatzen dute, Azkoitikoa izan ezik. Informazio zehatzagoa lor daiteke telefonoz (625-485 215) nahiz idatziz (urolakosta@aek.org).