Injelanek idatziko du Itxasmendiko biribilgunearen proiektua

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko urriaren 23a

Zarauzko Udal Gobernuak espazio publikoa txukuntzeko asmoa du agintaldi honetan. Hori dela eta, Auzoz auzo ekimena jarri zuen irailean martxan, auzoetako garbiketa zerbitzua eta mantenua areagotuz. Itxasmendin hasi zituzten lanketak— besteak beste, hautsitako baldosak aldatu; eserlekuak, seinaleak eta edukiontziak konpondu; haur parkeak zein lorategiak txukundu eta eremu publikoa garbitu zituzten, besteak beste—, eta horrekin batera, auzo horretako arazoetako bati irtenbidea emateko asmoa erakutsi zuen Udal Gobernuak: auzoko sarreran biribilgune bat egitekoa, trafiko arazoak konpontze aldera.

Jakinarazi dute dagoeneko eman duela proiektua idazteko ardura; Injelan S.L. enpresak idatziko du proiektua. Urte amaierarako egingo du.

Beste hamar auzo

Aurrez ere egin dituzte lanketak Itxasmendin. Esaterako, haurreskola ondoko gunea moldatu dute, zirkua bertan kokatu ahal izateko. Bizilagunak kexatu egin izan dira aurreko urtetan atletismoko pistan jarri dutelako zirkua, eta horrek kaltetu egin delako pista.

Itxasmendiko lanak amaituta, atzo bertan hasi ziren  Mitxelena eta Zelai Ondo auzoetako txukunketa lanekin. Kaleak garbitu eta atontzeaz gain, motorrak aparkatzeko gune bat egingo dutela jakinarazi dute.

Beste hamar gunetan ere egingo dituzte lanak, azarotik aurrera: Aritzbatalden; Azken Portu eta Azken Portu Goian; Salbiden, Hiruerreketan eta Vista Alegren; Abendañon eta landa bidetan; Astin, Talaimendin eta biotopoan; Izpilla plazan, Borghetton eta Berazan; San Pelaion; Nafarroa kale iparraldean; Mateo Mujika eta San Frantzisko kaleetan zein Alde Zaharrean eta moilan, zehazki.

Hilabetero auzo bana atontzeko asmoa dute, eta horretarako udal baliabide guztiak baliatuko dituzte aldi berean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide