Bere sorlekura bueltatuko da Zarauzko Kuadrilla Eguna, Musika Plazara

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko urriaren 16a

[caption id="attachment_169053" align="aligncenter" width="300"] Kuadrilla Egunaren aurzkepena (Ainara Lozano).[/caption]

Musika Plazara itzuliko da aurten Kuadrilla Eguna, bere sorlekura. Garai batean bertan ospatu ohi zuten egun hori zarauztarrek, eta aurten, berrikuntza gisa, gune hori berreskuratuko dute. Festagune nagusia izango da Musika Plaza, baina ez bakarra. Lege Zaharren Enparantzan ere askotariko ekintzak egingo dituzte.

Kuadrilla Eguneko festa batzordeak, Haize-orratz Gaztelekuko hezitzaileek eta Txipristinek antolatu dute egitaraua, eta Zarauzko Udalak lagundu egin du aurrekontuarekin. Hala ere, datorren urterako kide gehiago bildu nahi ditu festa batzordeak, «festak kuadrillek antolatuta eta kuadrillentzat izateko».

10:30etik hasita goizaldera arte iraungo du festak bihar. Aurreko urteetan bezala, kuadrillen arteko olinpiadekin ekingo diote egunari. Sei jolas egingo dituzte, batzuk «mitikoak» eta besteak berriak, «oso dibertigarriak» guztiak: sokatira, brillet-a, bizkotxo eta txokolate jana begiak estalita eta ur botila betetzea lastotxoarekin, besteak beste. Joko bakoitzean puntuak pilatuko dituzte kuadrillek eta guztiak batuta,  puntuazio altuena duenak irabaziko du ikurriña. Talde bakoitza gutxienez bost partaidek osatu beharko du, eta izena 10:00etan eman beharko da, Lege Zaharren Enparantzan.

Musika Plazan izango da hurrengo ekitaldia: Tortilla eta Pasta Lehiaketa. Irabazleek txapela jasoko dute sari gisa, eta ondoren prestatutakoarekin herri bazkaria egingo dute. Ondoren mus txapelketa jokatuko dute; izena ordu laurden lehenago eman beharko da.

Bi gunetan banatuta

Arratsaldean bi gunetan banatuta egongo da festa. Batetik, Lege Zaharren Enparantzan nerabeentzako gunea atonduko dute eta hainbat jolasez gain, disko festa ere izango da, Davila disko-jartzailearekin. Bestetik, Musika Plazatik abiatuta, Ustekabe fanfarrearekin kalejira eta jolasak egingo dituzte kalez kale.

Gauean, Musika Plazan bilduko dira kuadrilla guztiak, «festa elkarrekin bukatzeko». Erromeria izango da Trakets taldearen eskutik. «Kontzertu bakarra, baina lau ordukoa, tartean atsedenarekin». 03:00etan bukatuko da, baina txosnak irekita jarraituko du, 04:30era arte. Edalontzi berrerabilgarriak eramateko eskatu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide