Urriaren 19a Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna da, eta hori aitzaki hartuta, AECC minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteak zenbait jardunaldi antolatu ditu egun horretarako. Helburua gizartea sentsibilizatzea da.
Hala, bihartik hasi eta hilaren 21era arte, Gipuzkoako hainbat herri bezala, Azpeitia, Getaria, Orio eta Zarautz "arrosa" jantziko dituzte. Eraikin publikoetako balkoietan lazo arrosak zintzilikatuko dituzte eta kolore bereko zapi zein lazoak banatuko dituzte herritarren artean. Globo arrosak ere aireratuko dituzte, Gipuzkoa "arrosaz koloreztatzeko".
Horrekin batera, urriaren 20an Udaberri koroak kontzertua eskainiko du itsas pasealekuan eta globoak botako dituzte, gaixotasun hori duten pertsonen alde. AECCk Zarautzen duen lokalaren parean izango da hori, 17:30etik aurrera.