ZRT Zarautz Rugby Taldeak gastronomia eta kirola uztartzen dituen Basque Gazte Jan Zarautz azoka antolatu du astebururako eta hiru egunetan zehar «kalitaterik oneneko» bertako jakiak eta edariak dastatzeko aukera egon da Munoako karpan: Eusko Label zigiludun Ekain hanburgerrak; txakolinarekin eta tonikarekin prestatutako txatonic-ak; Idiazabal gaztarekin egindako izozkia, Basatxerri saltxitxak eta txakolinarekin prestaturiko sorbeteak, kasu.
Gaur da azokaren azken eguna eta oraindik bertaratu ez direnek edo errepikatu nahi dutenek gauerdira arte jaki ederrez eta kontzertuez gozatzeko aukera izango dute oraindik Munoan. Bestalde, azoka ireki zutenetik zozketak egin dituzte eta hainbat herritarrek surf ikastaroak irabazi dituzte; gaur goiz eguerdi partean bertan surfean lehen urratsak eman dituzte zenbaitek.
Gaurko egitarua
14:00. Bi orduro, hainbat sariren zozketa: kalitate zigiludun produktuen otarrak, Zurekin elkarteko tabernetan edariak, oinarrizko surf ikastaroak eta adituentzat gau surfaldia led oholekin, besteak beste.
18:00. Kontzertua.
18:30. Sukalde zerbitzuaren irekiera, 22:30a arte.
19:00. Zozketako irabazleentzat led oholekin surfaldia, Munoa parean.
22:00. Kontzertua.
23:30. Itxiera.
[flickr_set id="72157659337716978"]