Euskal hedabideen Interneteko jarduna %60 igo da azken bi urteotan

Urola Kostako Hitza 2015eko urriaren 8a

Hekimenek egin duen azken azterketaren arabera, sektoreko euskal hedabideen Interneteko jarduna gora doa etengabe. Euskal hedabide ez publikoetako Interneteko jarduna azken bi urteotan %60 igo da, eta Hekimenen arabera udako osteko lehen datuek erakusten dute, audientziak gora egingo duela hurrengo hilabeteetan ere.Datuak Hekimen elkarteak martxan jarri duen Hekimen Analytics proiektuaren bidez bildu ditu. Hekimen Analytics euskal hedabideen sareko jarduna ezagutzeko eta aztertzeko tresna da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalbiltzaren diru laguntzei esker aurrera eramana, CodeSyntax enpresak garatu duena. Aurten jarri dute martxan.Tresna horren bidez Euskal Herri osoko 46 webguneren (orokorrak, tokikoak eta tematikoak) emaitzak jasotzen dira. Hekimen Analyticsek hedabide bakoitzaren kopuruak ez ezik elkartea osatzen dutenen datu pilatuak ezagutu eta webguneen arteko alderaketak egiteko balio du.

Euskal hedabideen webguneko sesioak goraka doaz, eta batik bat iazko udazkenetik hona. Hedabide orokorrak dira gaur egun bisita gehien (%53,7) biltzen dituzten webguneak. Tokikoek, berriz, bisiten %42 biltzen dituzte eta tematikoek %3,6. Tokikoen bidez iritsitako bisitak gero eta gehiago dira, 2011. urtean bisiten %25 inguru zirelako.

Aurtengo maiatzean kopuru altuena

Joan den maiatzean inoizko kopuru altuena lortu zuten euskarazko webguneek: 1.810.000 bisitatik gora. "Berdina esan daiteke erabiltzaile kopuruari dagokionez —alegia, zenbat erabiltzaile ezberdin sartu ziren webguneetan— eta orriei dagokienez ere —bisita batean bisitatzen den orri kopurua—: lau milioitik gora". Erabiltzaile berrien kopurua ere inoizko altuena izan zen joan den maiatzean.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide