«Krisiaren ondorioz, familia askok ezin dute ordaindu euren etxebizitzaren mailegua edo alokairua. Egoera honek, etxearen galera ez ezik, langabeziak eragindako gainontzeko ondorio tamalgarriak ere badakartza berekin», adierazi zuen Ana de Benito Irabazi Zarautzeko ordezkariak azken udalbatzarrean. Horren aurrean, nabarmendu zuen tokiko administrazioek, «herritarrengandik gertuen dauden erakundeak» izaki, ezin dutela besoak gurutzatuta geratu: «Herritarrei babesa eskaini eta etxebizitza eskubidea bermatzeko beharrezko jarduerak eraman behar dituzte aurrera».
Hori dela-eta, Irabazi Zarautzek Stop Kaleratzeak plataformaren mozioa aurkeztu zuen iraileko osoko bilkuran, Udalbatzari eskatuz etxea galtzeko arriskuan dauden familiak babesteko ekimenak abian jartzeko. Gehiengoz onartu zuten mozioa, EH Bilduren, PSE-EEren eta Irabazi Zarautzen babesarekin. EAJko ordezkariak abstenitu egin ziren.
Mozioa onartuta, Kaleratzerik Gabeko Herri deklaratu dute Zarautz. Horrekin batera, finantza erakundeengana jotzeko konpromisoa hartu du udalak, kaleratzeak geldiarazi ditzaten eskatzeko eta jabetzan dituzten etxebizitza hutsak alokairu sozialeko programen zerbitzura jar ditzaten galdegiteko. Haren aldetik erantzunik ez balu jasoko, neurriak hartuko ditu udalak, horrekin lan egiteari uztekoa, kasu.
Halaber, udalak etxe hutsen zerrenda eguneratuko du, eta herritarren etxebizitza beharrak aztertuko ditu. Bestalde, etxe kaleratzeak saihesteko jarduerak koordinatzeko pertsona nahiz organismo bat izendatuko du, etxe duin bat izateko eskubidearen aldeko elkarteekin lankidetzan jardun dezan. Horrez gain, epaitegi eskudunei eskatuko die kaleratzeko arriskuan dauden familien kasuen berri emateko.
«Oinarrizko eskubidea»
EAJko Jesus Aranak adierazi zuen mozioa «oso orokorra» dela, eta beraz, abstenitu egingo zirela jeltzaleak. «Ez du islatzen udalak horrelako egoerak ekiditeko aurreko agintaldietan nahiz gaur egun egiten ari den esfortzua». Etxea galtzea egoera larri baten azken ondorioa dela gogoratu zuen, aurrez ere «etxeko horma artean» pairatu dutela sufrimendua. Horregatik, esan zuen familiak udalak dituen tresnez informatu behar direla, «arazoa garaiz saihesteko».
Alde agertu ziren EH Bildu eta PSE-EE. Naiara Carvajalek zein Gloria Vazquezek adierazi zuten etxebizitza eskubidea oinarrizko eskubidea dela.«Instituzioek ezin dute etxe kaleratzerik onartu. Krisiak eragin larriak izan ditu zenbait familiengan, eta administrazioek haien egoera arintzen lagundu behar dute», esan zuen PSE-EEko bozeramaleak. Bere arabera, udalak 2014ko aurrekontuetan partida bat gorde zuen halako kasuak laguntzeko, eta horri esker hiru familiari plusbalioa ordaintzen lagundu zien erakundeak. Gogoratu zuen Ongizate Zerbitzuak hainbat diru laguntza ematen duela, hipotekak ordaintzeko, besteak beste, baina «agian ez da nahikoa». Hala, 2016ko aurrekontuetan ere halako partidaren bat jasotzea proposatu zuen.
Carvajalek esan zuen espero duela egungo udal gobernuak EH Bilduk aurreko agintaldian hartutako erabakien ildo beretik jarraitzea, alegia, Ongizateko dirulaguntzak ematen eta kalera-
tzeak saihesteko neurriak hartzen.