Gaur 13:30ean iritsiko da Emakumeen Mundu Martxa Zumaiara

Urola Kostako Hitza 2015eko urriaren 1a

13:30ean iritsiko dira Zumaiara, eta Zarauztik auto karabanan joateko asmoa dute bertara. 13:00ak aldera aterako dira, Nafarroa kaletik.

Hau da Zumaiako egitaraua:

– 13:30ean, harrera Emakumeen Mundu Martxari. Itsas kiroldegitik Beheko plazara kalejira Zumaiako trikitilariekin eta Zarauzko batukadarekin.

– Jarraian, Emakumeen Mundu Martxaren ekitaldi berezia. Emakumeen Mundu Martxaren adierazpena irakurriko dute; Uxue Alberdik, Maddi Gallastegik eta Ainhoa Agirreazaldegik bertsoak botako dituzte, eta Zumaiako emakume afrikarrek dantza egingo dute.

– Ondoren, bazkaria izango da Torreberri gaztetxean.

– 18:30ean, Zumaiako esperientzia feministak mahai ingurua Oxford aretoan. Bertan, Malen Etxeak, Zumaiako Asanblada Feministak eta Zumaiako Berdintasun Foroak parte hartuko dute.

Zumaiako eta Zarauzko udalen adierazpenak

Martxoaren 6an abiatu zen Kurdistanen karabana feminista Gure gorputzak, Gure Lurraldeak. Martxarekin jarraituko dugu guztiok libre izan arte lelopean. Hainbat herrialde zeharkatu ditu ordutik, eta Euskal Herritik pasako da irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean Coimbrara (Portugal) bidean.

 

Helburuak

2015eko Emakumen Mundu Martxak hainbat helburu ditu. Alde batetik, «emakumeek bizi dituzten indarkeria motak ikusaraztea eta salatzea», zapalkuntzak sustatzen dituzten eragileak identifikatuz. Mundu Martxako Urola Kostako plataformako kideek azaldu dutenez, «emakumeen aurkako indarkeriaren larritasunaz jabetzen da gizartea. Baina hori izebergaren punta besterik ez da, egunerokoan sistema patriarkalak mota askotako jazarpenak sustatzen baititu emakumeen aurka». Hori gainditzeko plan integral bat behar dela uste dute. «Eragileok eta erakundeek adostasunetara iritsi behar dugu, gizartea birplanteatzeraino».

Bestetik, munduari erakutsi nahi diete «emakumeak erresistentzian ari direla eta ez dutela amore emango beren gorputzen gainean erabaki ahal izan arte». Horretaz gain, emakumeen mugimendua indartzea eta zabaltzea ere badute xede. «Hamarkadetan zehar mugimendu feministak egindako lanak emaitzak eman ditu. Zenbaitek pentsatzen du gurean parekidetasuna lortu dela, baina oker daude. Asko dago egiteke oraindik, eta gazteen artean batez ere eredu atzerakoiak zabaltzen ari dira».

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide