Iazko abenduan Getxon jokatu zen Punta Galea Challenge ez zen izan ohiko olatu handien txapelketa huts bat; izan ere, lehenbiziko aldiz mundu mailako olatu handien zirkuituan sartu zuten proba hori. Eta Indar Unanue (Donostia, 1988) Zarauzko bizilagunak bertan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen.
Aitortu duenez, «opari bat» izan zen harentzat, kategoria horretako nazioarteko surflari onenekin lehiatzeko aukera izan zuelako. «Surflari gutxik hartu ohi dute parte txapelketa horretan; ia ezinezkoa da bertan lehiatzeko aukera izatea».
Aukera hori aprobetxatuz, eta etorkizunean Punta Galea Challenge-n lehiatzeko aukera izango zuen ala ez jakin gabe—aurten berriz ere txartela lortu du olatu handien Europako txapelketa bakar horretan parte hartu ahal izateko—, film labur bat egitea erabaki zuen surflariak, bere esperientzia kontatze aldera. «Emaitza ona izan ez banuen ere, nazioarte mailako halako txapelketa batean parte hartzen nuen lehenbiziko aldia zela-eta, filmatu egin nahi izan nuen».
Bihar aurkeztuko dute Modelo aretoan, Zarautz Surf Zinemaren barruan. Halako jaialdi batean erakusten duen lehenbiziko aldia izango da, gainera—ongintzazko jaialdi batean soilik ikusi ahal izan da—. Bertan izango da surflari zarauztarra aurkezpentxoa egiteko.
Sentipenak eta olatuak
Unanuek txapelketaren funtzionamendua zein bere sentipenak kontatzen ditu 14 minutuko film labur horretan. «Txapelketa deitu eta sei hilabeteko tartea egoten da lehia hasteko, baldintza onenak biltzen direnean egiten baita proba. Hala, probarekin hastekoak direla jakinarazteko mezua heltzen zaidanetik txapelketan parte hartzen dudan arteko momentua jaso dugu lanean», zehaztu du zarauztarrak.
Beraz, txapelketa bezperako prestakuntza, entrenamenduak, urduritasuna, olatu handietako surflari onenekin lehiatzeko grina... islatzen ditu Jon Aspuru bakiotarrak filmatu eta editatutako lan horrek.
Horrez gain, Punta Galea Challenge-ko goizeko lehiaren, baldintzen azalpenaren eta hurrengo eguneko bainuaren irudiak ere biltzen ditu. «Txapelketaren ondoren, parte-hartzaile guztiok bainu bat hartu genuen elkarrekin, amaiera polita emateko». Kanpotik eta barrutik islatzen du proba, beraz.