Loreak pelikula hautatu du Espainiako Zine Akademiak Oscar sarietan ingelesezkoa ez den film onenaren atalean lehiatzeko. AEBetako zinema akademiak erabakiko du orain, zer herrialdeetako filmak lehiatuko diren. Ingelesezkoak ez diren filmen ordezkaritza guztietatik bederatzi aukeratuko dituzte, lehendabizi; eta bederatzi horietatik, bost lehiatuko dira Oscarretan. Urtarrilean jakinaraziko dute zein diren bost sailkatuak. Hautatua izanez gero, Oscar sarietan parte hartuko duen lehen euskarazko filma da Loreak.
Aitortza ugari
Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako pelikularekin batera aukeratu zituzten, hasieran, Magical Girl eta Felices 140 filmak. Hiruetatik, euskarazkoa apartatu dute orain. 2016ko otsailaren 28an banatuko dituzte Oscar sariak.
Iazko irailaren 23an Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zuten Goenagak eta Garañok zuzendutako filma. Ordutik kritika on eta sari ugari jaso ditu: Siberiako Zinema Jaialdiko film onenaren saria, pelikula latino onenarena Palm Springseko zinemaldian, Espainiako film onenaren Sant Jordi saria eta abar. Tokioko Latin Beat jaialdian, berriz, Nagore Aranburuk, Itziar Ituñok eta Itziar Aizpuruk ex aequo irabazi zuten emakumezko aktore onenaren saria. Oraintsu, I. EZAE saria ere jaso berri du Loreak pelikulak.
Loreak filmeko aktoreen artean daude eskualdeko zenbait: Nagore Aranburu azpeitiarra, Itziar Aizpuru getariarra eta Egoitz Lasa zarauztarra.