Balmaseda: «20 urte barru izango dugun teknologia agertzen da eleberrian»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko irailaren 30a

 

Ellande Balmaseda idazlea. (Aiora Larrañaga/Hitza)

ELLANDE BALMASEDA

Nola definituko zenuke Spectre Royal Hunters (Spectre, ehiztari gorenak) eleberria?

Zientzia fikziozko liburua da, gaur egungo gizartean oinarrituta dago, eta egun munduan dauden hainbat gertakariz eta gatazkaz baliatu naiz testuingurua sortzeko: esaterako, krisiaz eta Ekialde Hurbilean pil-pilean dauden gatazkez. Hirugarren Mundu Gerra bat irudikatu dut, eta protagonistak halabeharrez bertan ibili beharko du. Ildo horretatik, berrikuntza teknologiko ugari azaltzen dira istorioan zehar; 20 urte barru egongo den teknologia, alegia. Argumentuari dagokionez, misterioz betetako istorio bat sortzen saiatu naiz. Protagonistak berak ere ez dakizki liburuan zehar gertatuko diren gauza asko, eta irakurlea protagonistarekin batera istorian murgilduz eta gauzak deskubrituz joango da.

Pertsonaiei garrantzia berezia eman diezu, beraz?

Bai, protagonista da istorioaren giltza eta ardatz nagusia. Izan ere, istorioan zehar hau konturatuko da gaitasun bereziak dituela, eta bere esku dagoela gauzak aldatzea. Nolabait, horrekin erreferentzia egin nahi izan diot pertsonok gure ingurua aldatzeko dugun gaitasunari. Pertsonaien psikologiari garrantzia handia eman diot.

Liburuaren osagarri, blog bat ere sortu duzu.

Blogaren helburua liburuaren testuingurua azaldu eta pertsonaiak sakonago ezagutaraztea da. Astean behin irakurleek Spectre Royal Hunters unibertsoa ezagutu dezaten irudi berriak aurkezten ditut blogean. Horretaz gain, hainbat pertsonaiaren historia ere azaltzen dut. Izan ere, nire asmoa trilogia bat osatzea da, eta istorioan zehar pertsonaia ugari azalduko direnez, nahi duenak horiek sakonago ezagutzeko aukera du.

Ezusteko asko aurkituko al ditu irakurleak eleberrian zehar?

Nire asmoa eleberri horri jarraipena ematea da. Horregatik, istorioan zehar hainbat gai zintzilik utzi ditut, irakurleek hurrengo lana irakurtzeko irrika izan dezaten.

Teknologia berritzaileek ere garrantzia dute eleberrian zehar. Gaia interesatzen al zaizu?

Bai, goi mailako formakuntza dut teknologia gaietan, eta robotika ikasten ari naiz egun. Asko interesatzen zait gaia, eta azken berrikuntzak jarraitzen ditut. Horrek asko lagundu dit etorkizuneko diseinu horiek sortzerakoan.

Gaztea zara, nola animatu zara mota horretako eleberri bat idaztera eta autoeditatzera?

Betidanik gustatu izan zait marraztea eta komikiak egitea. Hasiera batean istorio hau komiki bihurtu nahi nuen, baina ohartu nintzen istorioak hartu zuen neurria kontuan hartuta, zaila izango zela hori binetetan adieraztea. Egia esan, hau izan da sakonen landu dudan lana, baina ez da sortu dudan lehena izan. 2009an hasi nintzen, eta komiki sorta bat sortu nuen; hor hasi nintzen pertsonaien psikologiarekin esperimentatzen. Egun kaxoian gordeta dago lehen lan hori, baina etorkizunean berriz heldu eta sakonago lantzea gustatuko litzaidake.

Non eskuratu daiteke zure liburua?

Spectre Royal Hunters eleberria Amazon-en jarri dut salgai. Autoedizioa da eta uste dut nire lana zabaltzeko bide egokia izan daitekeela. Zientzia fikzioa atsegin dutenak liburua irakurtzera animatu nahi ditut.

Spectre Royal Hunters eleberriaren azala

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide