'Loreak' filmak Espainia ordezkatuko du Oscar sarietan

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 29a

Loreak filma hautatu du Espainiako Zine Akademiak Oscar sarietako Atzerriko Film Onenaren atalean lehiatzeko. AEBetako zinema akademiak erabakiko du orain, zer herrialdeetako filmak lehiatuko diren. Ingelesezkoak ez diren filmen munduko ordezkaritza guztietatik bederatzi aukeratuko dituzte, lehendabizi; eta bederatzi horietatik, bost lehiatuko dira Oscarretan. Urtarrilean jakinaraziko dute zein diren bost sailkatuak.

Hautatua izanez gero, Oscar sarietan parte hartuko lukeen lehen euskarazko filma litzateke Loreak. Jon Garañonek eta Jose Mari Goenagak zuzendutako pelikularekin batera aukeratu zituzten, hasieran, Magical Girl eta Gracia Querejetaren Felices 140 filmak. Hiruetatik, euskarazkoa apartatu dute orain. Loreak filmeko aktoreen artean daude Nagore Aranburu azpeitiarra,  Itziar Aizpuru getariarra eta Egoitz Lasa zarauztarra.

Iazko irailaren 23an Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zuten Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako filma. Ordutik kritika on eta sari ugari jaso ditu: Siberiako Zinema Jaialdiko filmik onenaren saria, pelikula latino onenarena Palm Springseko zinemaldian, Espainiako film onenaren Sant Jordi saria… Tokioko Latin Beat jaialdian, berriz, Nagore Aranburuk, Itziar Ituñok eta Itziar Aizpuruk ex aequo irabazi zuten emakumezko aktore onenaren saria. Oraintsu, I. EZAE saria ere jaso berri du Loreak pelikulak.

2016ko otsailaren 28an banatuko dituzte Oscar sariak.

Loreak filmaren zati bat grabatzen jardun zuten Zarauzko ordainlekuan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide