Alazne Agirrezabalaga Dietista-Nutrizionista Entrenatzaile Pertsonalak larunbaterako hitzaldi saioa antolatu du; osasuna eta kirola izango dute hizpide goi mailako adituek eta profesionalek.
Larunbaterako Osasuna eta kirola izeneko jardunaldiak antolatu ditu Zarauzko Alazne Agirrezabalaga Dietista-Nutrizionista Entrenatzaile Pertsonalak. Egun osoko jardunaldia izango da, eta lau hitzaldi eskainiko dituzte kirol arloko goi mailako adituek eta profesionalek. Kirolean interesa duten herritarrei zuzendua dago jardunaldia, eta bertan oinarrizko jarraibideak azalduko dituzte. «Jardunaldian parte hartuko duten hizlariak maila handikoak dira, asko dakite gaiaz eta herritarrek kirol eta elikadura arloan izan ditzazketen zalantzak argituko dituztela ziur gaude», azaldu du arduradunak.Gero eta ohikoagoa da gizartean kirola egitea, eta askotan ezjakintasunaren ondorioz akatsak egiten dituzte herritarrek. Lehenik eta behin «oso garrantzitsua da gure gaitasun fisikoa zein den jakitea eta mediku azterketak egitea. Horren arabera egin behar da kirola, eta pixkanaka hobetuz joan». Izan ere, Agirrezabalagaren esanetan asko dira korrika hasi, lasterketa txikiren batean parte hartu eta bat-batean Beobia-Donostia lasterketa egitera animatzen direnak. «Kontuz ibili behar da, mota horretako lasterketaren bat egiteak ez baitu esan nahi osasuntsu gaudenik».
Bestetik, Alazne Agirrezabalagak argi du elikadura eta hidratazioa zaindu behar direla kirola egiterakoan. «Askotan arlo horiek ahaztu egiten dituzte herritarrek. Udan, esaterako, Frankfurteko maratoian gizon bat hil zen hidratazioa ez zaintzeagatik». Beste askok, berriz, forma fisikoa azkar hobetzeagatik akatsak egiten dituztela uste du. «Mito asko daude elikaduraren inguruan, eta kontrolatu behar den arloa da». Nutrizioan eta jarduera fisikoan adituaren iritziz, ez da ahaztu behar «denbora librean kirola egiten duten herritarrak ez direla profesionalak, beren eguneroko kargaz aparte egiten dute kirola, eta oreka bilatu behar da». Akats eta zalantza horiek hizpide izango dituzte jardunaldian, eta jarraibide egokiak azalduko dituzte.
Aholkularitza eskura
Alazne Agirrezabalaga Dietista-Nutrizionista Entrenatzaile Pertsonalak zentroa du Zarauzko Zigordia kaleko 26. zenbakian, eta bertan bi zerbitzu eskaintzen dituzte: batetik, entrenatzaile pertsonal zerbitzua eta, bestetik, nutrizio aholkularitza. «Gimnasioa dugu zentroan, eta bertan entrenatzen dugu bezeroekin. Bakoitzaren beharrak aztertu eta plangintza espezializatua osatzen diegu, eta jarraipen zehatza egin». Zentrora joaten direnek bi zerbitzuak edo horietako bat jaso dezakete. Informazio gehiago nahi dutenek eskuragarri dute www.alaznedietista.com atarian.