Euskal zinemaren Irizar saria jaso du 'Amama'-k

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko irailaren 27a

Jose Mari Goenagaren eskutik jaso zuen  Asier Altuna zuzendariak euskal zinemaren Irizar saria, atzo iluntzean, 63. Donostiako Zinemaldiko sari banaketa ekitaldian. Beste sei filmekin—Pikadero, Psiconautas, Un otoño sin Berlin, Gure sorlekuaren bila, Jai Alai Blues eta Walls— lehiatu da Amama eta edozein sailetan mundu osorako estreinatutako euskal ekoizpenik onena berau dela erabaki du epaimahaiak.

Horrez gain, Signis sarian, aipamen berezia egin diote Iraia Elias zarauztarra protagonista duen filmari.

Astelehenean estreinatu zuten Amama filma Sail Ofizialean. Horren harira Iraia Eliasi egindako elkarrizketa irakurgai dago esteka honetan.

Aktore zarauztarra da Amama filmeko protagonista nagusia, baina badira ekoizpenean parte hartu duten eskualdeko ordezkari gehiago ere. Telmo Esnal zarauztarra aritu da  zuzendariarekin elkarlanean, gidoia idazten; Kandido eta Manu Uranga aita- seme zumaiarrak eta Nagore Aranburu azpeitiarra aktore moduan eta Javi Agirre argazki zuzendari eta kameralari zarauztarra talde teknikoan, kasu.

Bestalde, Zinemira sailean bi oriotarrek parte hartu duten filmeak daude: Un otoño sin Berlin filmaren soinu banda egin du Joseba Britek, eta Gure sorlekuaren bila lanaren postprodukzioaz arduratu da Maialen Sarasua. Jai Alai Blues dokumentalean agertzen diran, berriz, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez pilotariak, Miamiko haien esperientzia kontatuz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide