Sanmielak hemen dira Aizarnazabal, Zumaia eta Zarautz girotzeko

Ana Abarisketa 2015eko irailaren 25a

Iraileko azken egunetan ospatzen dira San Migel jaiak Aizarnazabalen, Zarautzen eta Zumaian. Aizarnazabalera gerturatzeko autobus gehiago egongo dira bihar.

Udazken koloretan sartuta hasiko dituzte jaiak Aizarnazabalen, Zumaiako Artadi auzoan eta Zarauzko Itxasmendin. Iraileko azken egunak girotuz lehertuko dira, gaur, sanmielak Aizarnazabalen eta Itxasmendi auzoan. Artadin, berriz, bihar hasiko dituzte jaiak.

Aizarnazabalen, tradizioari jarraituz, txupinazo antzeztua egingo dute jaiak hasteko. Antzerkizaleak dira herrian, pasa den larunbatean ere 1950. urtera lekualdatu baitziren, garai hartako bi gazteren ezkontza irudikatzeko. Eskaudiyola! izenburupean 40 bat herritarrek parte hartu zuten emanaldian, eta ehundaka herritar elkartu ziren udaletxearen bueltan. Herriko apaiza, guraso eta gainerako senideek, lagunek eta herriko abesbatzak, guztiek parte hartu zuten funtzioan eta ez zuen inork kale egin Euskal Jai Egunaren barruan estreinatutako emanaldira. Arrakasta handia lortu zuen.

Bestalde, sanmiel jaien barruan, Joxe Larrarte izango dute gogoan aurten ere, VII. Joxe Larrarte Memoriala ospatuko dute-eta. Gaurtik hasi eta asteartea bitartean izango da hori: pilota txapelketan 22 urtez azpikoek eta seniorrek hartuko dute parte. Azken egunean ospatuko dituzte finalak, 18:00etan. Biharkoa, berriz, parranda gaua izango da; txakolin dastaketaz eta XI. Mus eta Eskoba Txapelketaz gozatzeko aukera ere egongo da egunean zehar.

Igandea, irailak 27, egun handia izango da Aizarnazabalen, hamazazpigarrenez Helduen Danborrada antolatu baitute Gure Borda, Mikel Elkartea eta Gaztetxe taldeek. Beti bezala, gaueko 23:00etan astinduko dituzte danbor hotsak. Atzo egin zituzten azken entseguak helduek eta umeek. Azken hauek bosgarren danborrada egingo dute, igandean baita ere, eguerdiko 13:00etan.

San Migel egunarekin bukatuko dituzte jaiak Aizarnazabalen, asteartean, baina egunak luze joko du, amaierako traka 22:30ean izango baita.

Auzotarrak festan

Zarautzen eta Zumaian ere dena prest dute festan murgiltzeko. Itxasmendi auzoan, eta urtero bezala, adin guztietako auzotarrak izan dituzte kontuan jaiak antolatzerakoan, eta egitarau zabala antolatu dute. Musika izango da egunotan protagonista nagusia, rock doinuak gailenduz. Gaur bertan dute zaleek hitzordua.

Zumaiara lekualdatuz, pottokak, erromeriak, jan-edana eta bertsoak izango dira nagusi. Trikitilari txapelketak ez du hutsik egingo, eta gazte mordoa gerturatuko da auzora, eguna alaitzera. Mikel Deunaren Eguna, asteartean, irailak 29, izango da festen azken eguna, eta bertsolariak gerturatuko dira auzora. Aurtengoan Amets Arzallus eta Xabier Euzkitze dira gonbidatuak, eta eurek jarriko die melodia egun handiari. Hiru egun handi daude aurretik, beraz, Zumaiako Artadi auzoan.

Autobus gehiago gauean

Egunotan Aizarnazabalera gerturatuko direnentzat autobus zerbitzuak gehitu ditu udalak. Larunbat gauean izango da hori, eta Zumaiatik eta Zestoatik aterako dira autobusak.

Bihar, Zumaiatik Aizarnazabalera autobusa egongo da gaueko 23:00etan, eta bueltakoa 04:00etan izango da. Zestoatik, berriz, 23:30etan aterako da autobusa larunbat gauez eta, itzulera, igandean goizaldeko 04:30ean izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide