Zarauzko Artezaleak: ikasturte berria, ikastaro berriak

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 24a

Artezaleakeko irakasleak ebro Etxean (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Marrazkia, pintura, joskintza, keramika, buztina... Urtero legez, Artezaleak elkarteak hainbat eratako ikastaroak eskainiko ditu. Ohikoez gain, aurten ikastaro berriak ere izango dira, gainera. Aurreko agintaldian ikastaroak proposatzeko deia egin zuen Zarauzko Udalak, eta jasotako iradokizunetako batzuk aurrera eramatea erabaki dute. Artezaleak-ek hartu du horiek antolatzeko ardura.

Hala, 2015-2016 ikasturtean 30 ikastaro inguru eskainiko dituzte Ebro Etxean—obra txiki batzuk egitekoak dira, eta horiek irauten duten bitartean beste guneren batean eskainiko dituzte eskolak—. Iraupen luzekoak, ertainekoak zein motzak eskainiko dituzte, eta haurrei—bost urtetik gorakoak—, gazteei eta helduei zuzendutakoak.

Haurrei dagokionez, berrikuntza modura, ikasturte osoan zehar arkitektura tailer esperimentala eskainiko dute, eta baita espresio zein sormen tailerrak ere. Hilaren 28an egingo dute  azken horren inguruko saio informatiboa. 19:00etan izango da, Ebro Etxean.

Bestalde, buztin eta marrazki zein pintura ikastaroak ere jasoko dituzte etxeko txikienek.

Gazteek ere eman ahalko dute izena sormen lantegian. Horrez gain, joskintza eta kartelgintza eskolak ere emango dituzte gazteentzat, berritasun bezala. Halaber, ohiko marrazki eta pintura tailerra zein keramika eskolak ere egongo dituzte gazteentzat.

Helduentzako urte osorako eskaintza are zabalagoa da. Berrikuntza gisa, besteak beste, artea eta bere historia zein arte garaikidean sakontzeko aukera izango dute zarauztarrek. Era berean, larrua lantzeko eskolak ere eskainiko dituzte, eta baita portzelanaren ingurukoak ere.

Helduei zuzendutako eskaintza borobiltzeko, urteroko ikastaroak ere izango dira: keramika eta beiraren; joskintzaren; laboreen; zaharberritzearen eta pinturaren ingurukoak, kasu.

Ikastaro horien datak eta ordutegia finkatuta dituzte, baina badira beste batzuk oraindik ere zehazteke jarraitzen dutenak. Horiek, berriak direnez, jendearen erantzunaren arabera antolatuko dituzte. Horien adibide dira haur, gazte eta helduentzako antzerki ikastaroak; graffiti tailerra; eta informatika musikalari lotutakoa.

Ikastaro laburrak ere bai

Ikastaro laburrak egiteko aukera ere izango da ikasturte berrian. Aste barruan pare bat egunez, asteburuetan eta oporretan eskainiko dituzte horiek, baina luzatu ditzakete, interesaren arabera. 14 urtetik gorako herritarrei zuzenduta daude eta, parte-hartzaileek ikasiko dute, besteak beste, argazkiak editatzen, blogak sortzen, ipuin digitalak idazten, sare sozialak erabiltzen, xaboiak eskuz egiten,  koadernatzen, marmola lantzen, estanpatzen eta packaging-a egiten.

Urriaren 1ean hasiko du ikasturtea Artezaleak-ek; hurrengo ostegunean, alegia. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena. Horretarako eta informazio zabalagoa eskuratzeko Ebro Etxera (Zumalakarregi, 16) bertaratu daiteke, 943-83 55 68 telefono zenbakira deitu, edo artezaleak@gmail.com helbidera idatzi.

Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek gogoratu du 33 urte daramatzala Artezaleak elkarteak herritarrei hainbat ikastaro eskaintzen, eta «aisialdirako sormena lantzeko apustua egiten». Hori dela-eta, eskerrak eman dizkie elkarteko ordezkariei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide