17 lagunek hartu dute parte Harrera ikastaroan, Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko irailaren 23a

Harrera ikastaroa jaso duten bizilagun berriei diplomak banatu dizkiete gaur bertan, Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziaren arabera, "gurera iritsi eta gure kultura zein hizkuntza ezagutzeko egin duten ahalegina" eskertzeko. 17 pertsonek hartu dute parte aurten ikastaro horretan: Nikaraguako bostek, Brasilgo eta Senegalgo bina lagunek zein Ganbiako, Guatemalako, Kamerungo, Kubako, Boliviako eta Zaragozako lagun banak. Horietako 13k amaitu dute ikastaroa.

Gaurko ekitaldian izan dira bi brasildarrak, Giancarlo Avila eta Daniela Caparelli; Heidi Suhey, Maria Jose Royo eta Aamir Iqbal nikaraguarrak eta Brasil eta Boliviako Adalberto Saavedrak. Jakinarazi dute gainontzekoek posta elektronikoz jasoko dutela ziurtagiria. Julen Aranguren Immigrazio teknikariak nabarmendu du parte-hartzaileek "gustura" jasotzen dutela Harrera ikastaroa, eta hala berretsi du Saavedrak. Ostalaritzan egiten du lan horrek, eta adierazi du bezeroekin komunikatzeko "asko lagundu" diola ikastaroa jasotzeak.  Halaber, gogoratu du ikastaro "garrantzitsua" dela etorri berrientzat integratze aldera.

Zarauzko Immigrazio sailak antolatu  du ikastaro hori bigarren urtez, Udal Euskaltegiaren laguntzarekin. Julen Aranguren Immigrazio teknikariak adierazi du horren helburua Zarautzera iristen diren herritar berriei bertako baliabideen berri ematea dela, euskarazko oinarrizko ezagutzak eta kulturari buruzko zertzeladak ezagutarazteaz gain. Urtean bi ikastaro eskaintzen dituzte Udal Euskaltegian: bata udaberrian eta bestea udazkenean.

Udazkenekoa laster hasiko dutela gogoratu du Arangurenek, urriaren 1ean, hain zuzen. Astean hiru aldiz bilduko dira parte-hartzaileak, astelehenetan, asteartetan eta ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara. 68 orduko ikastaroa izango da eta abenduaren 22ra arte luzatuko da.

Interesa dutenek hilaren 28ra arteko epea dute izena emateko, Immigrazio sailean. 10 euro kostako da.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide